Zezenzaleentzako hitzorduak ere jasotzen ditu aurtengo jaietako egitarauak, eta ez soilik helduentzat. Aurten etxeko txikienek ere zezenen aurrean lasterka aritzeko aukera izango dute, Oñatiko Zezenzale Elkarteak entzierro txikia antolatu du eta. Elkartekoek esan dutenez, hamabi urte dira Oñatin gaztetxoenentzat ez dela ezer egiten zezenekin lotuta. "Urte asko dira ez dela ezer egiten eta ikusten dugu zezenekiko interesa edo afizioa jaisten doala. Horregatik erabaki dugu txikienentzat ere zerbait antolatzea eta zezenekiko afizio hori bultzatzea", adierazi du Cristian Martinek, Oñatiko Zezenzale Elkarteko kideak.
Entzierro txikia irailaren 30ean arratsaldean izango da, 16:45ean hasita. Bi entzierro izango dira: lehena 12 urtera arteko haurrentzat eta bigarrena, aldiz, 12 eta 16 urte bitartekoentzat. Normala den moduan, ez dira benetako zezenak izango: gurdi baten bitartez bultzatutako karretoi batzuekin egingo dute. Atzeko kalea, Kale Barria eta Ramon Irizar batzen diren tokian hasi eta plazarainoko ibilbidea izango dute entzierroek; plazan bost minutuz egongo dira.
Sokamuturra ere bai
Nagusiagoak direnek ere parte hartzeko aukera izango dute, baina nagusiendako sokamuturrean. Iaz ez bezala, aurten bi egunetan egongo da sokamuturra: irailaren 30ean eta urriaren 7an, Errosaixo Bixamon Egunean. Hain zuzen ere, irailaren 30ekoa entzierro txikiaren ostean hasiko da, 17:00etan. Foruen enparantzan, Atzeko kalean eta Kale Barrian zehar arituko da ganadua. Urriaren 7an, berriz, goizean soilik plazan eta udaletxearen bueltan ibiliko da; arratsaldean, irailaren 30eko eremu berean ibiliko dira. Aurten, Ibiri eta Lopene ganadutegietako zezenak izango dira herritarren atzetik. Beti bezala, Udaletik ohartarazi dute 16 urtetik beherakoek debekatuta dutela sokamuturrean parte hartzea, eta, norbaiti zerbait gertatuz gero, Udala ez dela gertatzen denaren erantzule egingo.