Helduen eta umeen danborradek ez dute hutsik egingo aurten ere, eta inoiz baino ozenago entzungo dira danbor hotsak herriko kaleetan zehar; izan ere, aurtengo jaietako nobedade esanguratsuenetakoa nagusien danborradak izango du. Azken urteetan jendeak parte hartzeko egin duen eskaria ikusita, aurten bi konpartsa berri sortzea erabaki du danborradako antolakuntza taldeak: Txalekodunak eta Baserritarrak. Lehenengoek, umeen danborradan bezala, koloretako txalekoak eramango dituzte soinean; eta besteak, berriz, baserritar jantzita joango dira, okre koloreko zapia lepoan zintzilik dutela. Bi konpartsa berri horiekin, beste 50 lagun batuko dira danborradara; hala, 300 lagunetik gorako danborrada izango da aurtengoa; parte-hartzailea, parekidea eta azken urteetako jendetsuena. Danbor eta barrilekin batera 2007ko 102 kinto irtengo dira aurten dantza egitera.
Ibilbideari dagokionez ez da aldaketarik egongo, Eltzian hasiko da eta handik behera egingo dute. Ordutegiari dagokionez ere ez da aldaketarik egongo: 22:30ean hasiko da. Azken as- teotan entseguetan murgilduta dabiltza danborradako kideak, eta irailaren 25ean 19:30ean egingo dute azken entsegu orokorra, zapatu gauean makilak gogor eta ozen astindu aurretik.
Haurren danborrada bihar
Nagusiena iritsi bitartean, bihar bertan danborradako doinuak entzuteko aukera egongo da, ohitura den moduan, jaiak hasi baino astebete lehenago aurren danborrada egingo baitute. Berritasun gutxi egongo dira, baina nabarmenena ibilbidean egongo da: Bidaurretan hasita orain arte, Kale Zaharrean behera joaten ziren eta Kanpantxo kalea hasten den errepideraino iristen zen danborrada; aurten, aldiz, Kale Zaharrean behera joanda, Ikatz taberna parean hartuko dute bihurgunea, Agustinoen eliza parean hain zuzen; ibilbide motzagoa izango dute, beste urte batzuekin alderatuz.
Parte-hartzaileei dagokienez, 160 haurrez osatutako danborrada izango da aurtengoa. Sei konpartsa egongo dira danborrak eta barrilak jotzen; bi zaldunek, hamar gastadorek eta hogei banderak osatuko dute haurren danborrada. Aurten, 2015eko eta 2016ko haurrek dute bertan irteteko aukera. Danborradaren atzean, azken urteetan bezala, karroza bat egongo da mozorroz beteta eta karameluak jaurtitzen, eta antolatzaileek mozorrotuta joateko dei egin diete ikustera joango diren haurrei. Azkenik, txorimaloak ere danborradaren konpartsaren parte izango dira, eta, beti bezala, haurrak euren eskutik joan ahalko dira ibilbidean zehar. Amaitutakoan, txorimaloak egongo dira.