Bihar, zapatua, Haur eta Gaztetxoen Eguna ospatuko da eta 11:30ean Kanpantxotik erraldoien konpartsak aterako dira kalejiran. Oñatiko Konpartsak, Konpartsa Txikiak, Sebastian erraldoiak, Atzeko Kaleko Konpartsak, Bergarako Erraldoi Taldeak eta Terrassako Gegants Bojos taldeak hartuko dute parte, dultzaina-joleekin. Aurreko urteetan bezala, Kanpantxo Kultura Taldeak antolatu du eguna eta "gogotsu" daudela adierazi du Mikel Urrutia taldekideak: "Bergarakoez gain, Terrasakoak ere izango ditugu gurekin; erraldoi desberdinak dira eta euren perkusio taldearekin lagunduta irtengo dira. Haurren danborrada ostean, Atzeko kaletik ere aterako dira berriro Kataluniakoak, eta gauean, Correfoc suzko ikuskizun ibiltaria egingo dute. Beraz, oso berezia izango da".
Erraldoiak, Musika Bandarekin
Errosaixo Egunean, Erraldoiekin dantzan ikuskizuna izango da Foruen enparantzan, 12:30ean. Parte hartuko dute Musika Bandak, Aita Madina Txistulari taldeak eta gaiteroek eta Oñatz Dantza taldeko konpartsak.
Haur parkeak eta barrakak
Puzgarrien haur parkeak ere izango dira jaietan, Etxaluzen, San Migel egunean eta Errosaixo Egunean, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Eguraldi txarra eginez gero, kiroldegian egongo dira.
Barrakak ere prest daude. Etzi, domeka, euro batean egongo dira egun osoan. Eta soinu-ekipoak eta sirenak itzaliko dituzte, aniztasun funtzionala duten haur eta gaztetxoentzat, domeka honetan eta Errosaixo Egunean, 17:00etatik 19:00etara.
Gazteentzako tirolina Eltzian
Aurten, estreinakoz, Eltzia inguruan izango dituzte gazteek euren eguneko ekintzak, irailaren 30ean, 10:00etan hasita. Besteak beste, tirolina erraldoia jarriko dute, Eltzia musika-guneko teilatutik hasi eta Larrañako futbol zelaira bitartekoa –pumptrack-gunea gainetik pasako dute–. Eltziako aparkalekuan ez dira autoak egongo eta bertan DBH-1etik aurrerakoendako puzgarriak jarriko dituzte. DBH-4tik gorakoek, berriz, ginkana egingo dute.
Bazkaria gaztelekuan izango da, urtero moduan, eta dagoeneko txartelak salgai daude 3 euroren truke. Txartelak erosteko azken eguna etzi izango da, domeka, eta gaztelekuko bulegoan eskuratu ahal izango dira. Menua izango da gazteek egindako makarroiak eta kanpotik ekarritako okela-bolak eta jogurta.