Goizean egin dute aurkezpena Oñatiko udal ordezkariek eta bekaren irabazleak. Deialdia 2024ko udaberrian argitaratu zen eta bi proposamen aurkeztu dira. Epaimahaiarentzat erabaki zaila izan dela adierazi dute udal ordezkariek, bi lanak lehia estuan egon direlako. 2024-2025 urteetan zehar garatuko den proiektuak 18 hilabeteko iraupena izango du eta 18.000 euroko beka jasoko du Edurne Iriondok.
Oñatiko emakumeen historiari ikusgarritasuna ematea helburu duen bekaren IV. edizio honetan, Oñatiko fabriketan emakumearen (ezinbesteko) lana izeneko proposamena landuko da. Herrian industrializazioa hasi zenetik emakumeek bertako lantegietan izan duten tokia eta eragina ezagutarazteko prozesua ireki da horrela, emakume horiei ikusgarritasuna eta merezi duten aitortza emateko.
Edurne Iriondo EHU/UPV-ko ingeniaritzako irakaslea da eta mekanizazio munduko esperientziaz gain, jakin-min pertsonaletik abiatu duen ikerketa bat dela azaldu du. Bi aldagai horiek bateratu eta lana aurkeztera animatu zela gehituz. Gaiaren inguruko corpus falta azpimarratu du eta hori ere gai hau hautatzeko beste arrazoi bat dela azaldu digu.
Laguntza eskaera
Lanaren helburu nagusiari dagokienez, Oñatiko industrian lan egin duten emakumeen ekarpena azaleratzea eta aitortzea da. Horri erantzuna emateko ikerkuntza historikoari lotutako hainbat azpi-helburu ezarri ditu Iriondok: industria jardueren inbentarioa, ezaugarri soziodemografikoak, hezkuntzaren testuingurua eta lan baldintzen testuingurua. Azkenik, Oñatiko fabriketan lan egin duten emakumeen lekukotzak bilduko ditu.
Lanaren nondik norakoak azaldu ostean herritarrei laguntza eskatu die Edurne Iriondok. Alde batetik, fabriketan lan egindako emakumeen begirada eta lekukotzak jaso nahi ditu; baita, etxean izan ditzaketen fabrikara lotutako elementuak eskuratu ere, erregistratu ahal izateko. Bestetik, Oñatiko industria-enpresei gonbidapena luzatu nahi izan die ikerlanean beren ekarpena egin nahi badute. Harekin kontaktuan jartzeko bideak hemen: 946 014 316 eta edurne.iriondo@ehu.eus.