Egun handia izaten da oñatiar askorentzako irailaren 28a, herriko jai nagusienei hasiera emateko asmoz egun horretan jaisten baitute Txantxikua. Indartsu egon behar izaten dute ordurako herritarrek, egun asko izaten baitituzte aurretik; aurten, ohi baino indartsuago egoteko, gainera, bazkaria izango dute txosnagunean –eguraldi txarra eginez gero, Merkatu plazan–, bertako produktuekin osatutakoa. Hala ere, Txosna Batzordeko kideek jakinarazi dute dagoeneko ez dagoela txartelik salgai: "Oso pozik gaude. Iaz ere txartelak agortu ziren, eta aurten ere espero genuen; ez, ordea, horren agudo. Ez genuen espero hainbeste jende gelditzea tiket gabe. Datorren urterako pentsatuko dugu ea pertsona kopurua igo daitekeen, baina aurten lotuta dugu bazkaria; beraz, ezingo dugu halakorik egin".
Urriaren 5ean, Herri Egunean, izango dira, ordea, herri bazkarietarako aukera gehiago, bi antolatu baitituzte. Udalaren eskutik, kiroldegian izango da otorduetako bat 14:30ean, eta salgai daude txartelak Izarraitz eta Arrano tabernetan, Eltzian eta Batzokian: helduen menuari dagokionez –12 urtera arte–, 23 euroko prezioa du, eta jatekoen artean ditu urdaiazpikoa eta patea, orri-mami beteak onddo-saltsarekin, risottoa, saiheski errea, goxoa edo sorbetea, eta kafea eta kopa; haurren menuak –makarroiak, oilaskoa, jogurta, ura eta freskagarriak–, berriz, 11 euro balio du. Bestetik, Antixenan, Txosna Batzordeak antolatuta, Zuk ekarri zuk jan bazkaria izango da, 14:00etan: norberaren ardura da bere janaria eramatea, eta baita mahai-tresnak ere, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Paella-jana
Urriaren 7an ere, Errosarixo Bixamon Egunean, bazkaria izango da txosnagunean: hain justu ere, paella-jana izango da 15:00etatik aurrera, orojale eta beganoentzat, eta Arrano tabernan daude salgai txartelak nahi duenarentzat; urriaren 2a da erosteko azken eguna, eguaztena.