Hogeigarren aldia izango du Margo Lehiaketak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko ira. 20a, 20:00

Aire libreko 19. Margo Lehiaketa, iaz. Irudia: Goiena.

Domekan izango da lehiaketa, eta libreak dira gaia, teknika eta formatua; halere, baldintzetako bat da Oñati izatea margolanetako protagonista. 14:30ean banatuko dituzte sariak, eta erakusketa batean izango dira lanak ikusgai urriaren 13ra arte.

Irailaren 22an, datorren domekan, egingo dute ageriko Margo Lehiaketa, eta hogeigarren aldia izango du aurten. Oñatiko Margo Taldea da antolatzailea, Udalaren laguntzarekin, eta Javier Ugartek, Margo Taldeko kideak eta antolatzaileak, jakinarazi du "animatuta" daudela: "Euria egiten badu posible da jendeak atzera egitea, baina espero dugu izena ematea".

Gaia ez ezik, libreak izango dira margolariek darabilten teknika eta formatua ere, baina derrigorrezkoa izango da euskarri gogorrean aurkeztea lanak; baita Oñati izatea protagonista ere. Horrez gain, halabeharrezkoa da margolana zigilatuta egotea ere; eta, horretarako, kultur etxera jo beharko dute parte-hartzaileek 09:00etatik 11:00etara. Euskarriei dagokienez, aurrez prestatuta eraman daitezke, baina antolatzaileek ohartarazi dute ez dutela "inolako marrazki, zirriborro edo marra aztarnarik edukitzea" onartuko.

Sari-banaketa

Parte-hartzaileek domekan bertan aurkeztu beharko dituzte euren margolanak kultur etxean, 13:00etatik 14:00etara. Adituek osatuko dute epaimahaia, eta 14:30ean jakinaraziko dute zein den euren erabakia, orduan egingo baita sari-banaketa: lanik onenaren egileak, hain justu, 800 euro eskuratuko ditu, bigarrenak 500 eta hirugarrenak, azkenik, 400; hiru saritu horien artean ez dagoen lehen oñatiarrak, berriz, 300 euro lortuko ditu. 16 urtez azpikoei dagokienez, lehenarentzat ehun euro zehaztu dituzte, bigarrenarentzat 60 eta hirugarrenarentzat 30; horrez gain, aparteko sari bat banatuko diete hirurei.

Saritutako margolanen jabetzei dagokienez, lehenengo eta bigarren saria Oñatiko Udalaren eta Oñati Margo Taldearen esku geldituko dira.

Erakusketa egingo da

Lehiaketara aurkeztutako margolanekin eta Oñatiko Margo Taldeko partaideek urtean zehar egin dituztenekin –gutxi gorabehera, 35 lan dira, Margo Taldeko kideen hitzetan– erakusketa bat egingo dute irailaren 23tik urriaren 13ra, bi egunak barne, astelehenetik domekara, 18:00etatik 20:00etara, kultur etxean; itxita egongo da, ordea, hilaren 28tik 30era eta urriaren 5etik 7ra.

Erakusketa amaitutakoan, berriz, egileek azaroaren 31ra arte dute euren lanak jasotzeko kultur etxean, astelehenetik egubakoitzera bitartean, 16:30etik 20:00etara. Epe horretatik aurrera, ordea, baldintzen arabera, antolatzaileek nahi dutena egiteko aukera izango dute margolanekin, eta egileek ezingo dute erreklamaziorik egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak