Seigarren aldiz antolatu dute berakatz zopa lehiaketa herriko jai nagusietan. Hilaren 30ean izango da eta izena emateko azken eguna 26a da. Kultura etxean egin behar da hori, bertara joanda edo hara deituta – 943 78 03 53– edo mezua bidalita –kultura.idazkaritza@onati.eus–. Ordutegia da: 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:30era.
Oinarriak eta sariak
Talde bakoitza bi pertsonaz osatuta egon beharko da. Plaza mugatuak izango dira –lehentasuna oñatiarrek izango dute–; hala, gehienez hamabost bikotek hartu ahal izango dute parte. Kopuru hori gaindituz gero, zozketa egingo dute izena eman duten guztien artean. Parte hartzen duen bikote bakoitzari 20 euroko balioa duten udal bonuak emango dizkiote osagaiak erosteko. Era berean, Udala arduratuko da lan-mahaiak jartzeaz. Parte-hartzaileek sua eta ontziteria eraman beharko dute.
Prestaketa lanak plazan egingo dira. Gutxienez sei pertsonentzako kantitatea egin beharko dute. Lehiakideak, beranduenera, 13:00etarako prestatu beharko dute berakatz zopa. Epaimahaia prestaketa-lanak ikustera pasatuko da eta irabazlearen izena emango du, prestatutakoa probatu ondoren.
Hiru sari egongo dira: 200 euro irabazlearendako, 100 euro bigarrenarendako eta parte hartzen dutenen artean egingo duten zozketa; herriko jatetxe batean bi pertsonentzako afaria.