Puntua aldizkariaren 423. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Egoera horri buelta emateko sortu da Ruraltxa proiektua. Arantzazu Parketxean 48 argazkiz osatutako erakusketa bat jarri dute, azarora arte ikusgai egongo dena. Amelia Ortubaik, Hazi Fundazioko kideak, Ruraltxa proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu.
Mendientzat beharrezko
"Ruraltxaren helburu nagusia mendiko larreak erabiltzen dituzten abeltzaintza ustiategien bioekonomia sustatzea da", dio Ortubaik. Euskal Herrian eta Galizian jarduten dute proiektuarekin, eta hiru kide dituzte, guztira: Euskal Herrian Hazi Fundazioa eta Galizian Coruña eta Lugoko unibertsitateak. Europako Batasunaren Next Generation funtsen bidez finantzatzen da, baina helburu oso konkretu batekin: "Europari interesatzen zaiona mendi habitatak mantentzea da, horretarako jartzen dute dirua. Guk esaten dieguna da ezin daitezkeela habitatak mantendu horiek erabiltzen dituzten abeltzaintza ustiategiak mantendu ezean". Proiektua "naturgune babestuetan" eramaten dute aurrera. Euskal Herrira begiratuz gero, bost zonatan egiten dute lan: Aizkorri-Aratz, Aralar, Gorbeia, Salbada mendilerroa eta Arkamo- Gibijo-Arrastaria.
Elkar eragiten
Abeltzaintzak eta mendiak elkarreragin handia dute, Ortubairen ustez: "Mendiko artzaintza estentsiboa ekintza tradizionala da, mende luzez martxan egon dena. Horrek habitat eta paisaia batzuk ahalbideratu ditu, egun galtzen ari direnak". Horrek "agerikoak" diren ondorioak utzi ditu: "Mendia sastrakaz betetzen ari da, leku batzuk asko erabiltzen dira eta beste batzuk abandonatu egin dira".
Analisien beharra
Egoera erreala zein den jakiteko diagnostiko bat egin dute Ruraltxako kideek: "Mendiko habitat interesgarrien egoera ikusteko diagnostiko bat egin dugu eta leku batzuk azkar hondatzen dabiltzala ondorioztatu dugu". Horrekin batera, mendiak erabiltzen dituzten ustiategien analisi sozioekonomikoa egin dute: "Elkarrizketak egin dira kudeaketa-zentroen bidez. Atera dugun ondorioa da ustiategi horiek arazo handiak dituztela, sektoreak orokorrean bizi duen moduan. Gainera, ustiategi horiek erabileran aldaketak jasaten dabiltza, mendia gutxiago erabiltzen delako; bereziki, ardien artzaintzan. Bestalde, behien eta zaldien erabilera igotzen hasi da. Aldaketa horiek ere zona aldatzea dakarte".
Proiektuak
Egoerari buelta emateko proiektu konkretuak abiatu dituzte. Alde batetik, habitaten errestaurazio jarduerak daude: "Besteak beste, sastraka kentzeak egiten ditugu eta tresna berriagoak probatzen hasi gara. Adibidez, Aizkorrin iratzeak apurtzeko zilindroak probatzen gabiltza. Bestalde, araututako erreketak ere egiten gabiltza, segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta. Probatzen gabiltzan beste tresna bat hesi birtualeko GPS lepokoak dira". Proiektuaren beste zati bat abeltzainek sortzen dituzten produktuak babestera bideratzen da: "Sareak sortzen gabiltza eta marketin enpresekin harremana dugu. Adar hori oraintxe sortu da". Alde horretatik, abeltzainen desioa produktuak saltzetik harago doa, eta gaiaren gaineko formakuntza jaso nahi dute.
Abeltzainen eskariz dibulgazio-lan bat ere egiten dute, gizartean haien lana ikusarazi eta hari balioa emateko: "Hori da Arantzazun ikusgai jarri dugun erakusketak beteko duen funtzioa"