Amaia Kerexeta: "Euskal kulturaren bueltako egitasmo guztiek dute lekua Izaskun Arrue Kulturgunean"

Txomin Madina Milikua 2024ko ira. 17a, 14:22

Amaia Kerexeta. Irudia: Markel Arrayago.

Hainbat gorabehera tarteko espero baino bi urte geroago, uztailaren erdialdera zabaldu zituen ateak Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneak. Lazarraga kultur elkartea arduratuko da Errementari kalean dagoen eraikina kudeatzeaz, eta lantaldeko kide da Kerexeta oñatiarra.

Puntua aldizkariaren 423. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Euskal Filologian lizentziaduna, bost urte dira Amaia Kerexeta (Oñati, 1981) Lazarraga kultur elkarteko kide dela. Gasteizen euskara eta euskal sorkuntza bultzatu gura dituen Izaskun Arrue Kulturgunearen koordinazioaz eta komunikazioaz arduratzen da.

Zelakoak izan dira lehen asteok Izaskun Arrue Kulturgunean?

Egun batetik bestera zabaldu genituen ateak eta lehen egunak irekierari begirakoak izan ziren, horrelako proiektu bat martxan jartzeak eskatzen duen denarekin: eraikinari neurria hartu, lantaldea osatu, programazioa bideratu, zabalpena, eraikina erakusteko bisita gidatuak egin, sormenari lotutako deialdiak abiatu... Hasierako hauek ilusioz betetako egunak izan dira, hala ere, eta gogotsu heldu diogu erronkari: datak jarri, udazkeneko programazioa lotu... Egunotan zabalpen orokorra egiten ari gara eta askotariko diziplinekin lotutako jarduerak izango ditugu laster: kontzertuak, familientzako ekintzak, ikastaroak, ikus-entzunekoekin eta zinemarekin lotutako saioak...

Ateak ireki arteko bidea ez da motza izan, ezta erraza ere.

Ez. Lazarraga kultur elkartea zortzi urtez iraun zuen Oihaneder Euskararen Etxean ibili zen lanean, 2022an ateak itxi zituen arte. Pentsatzen genuen proiektu batetik bestera epe laburrean egingo genuela salto; izan ere, ordurako birgaituta zegoen Izaskun Arrue Kulturgunearen eraikina. Baina gure itxaropena amesgaizto bihurtu zen, oso luze joan delako eraikina ireki eta proiektua martxan jartzea. Gorabehera asko egon dira, besteak beste administrazioarekin lotutako kontuak beti joaten direlako guk nahi baino polikiago. Baina, zorionez, gorabehera horiek gaindituta, hasi gara lanean.

Izan duzue dena bertan behera uzteko tentaziorik?

Tentazioa baino gehiago, ezintasuna sentitu dugu; hainbeste urtetan hainbeste eragile eta norbanakok borondatez proiektua aurrera eroateko egindako lan guztia eginda, eraikina birgaituta egonda, guk hura kudeatzeko lehiaketa irabazita eta proiektua abian jartzeko hain gutxi falta izanda administrazioarekin ezin ulertu edo gorabehera batzuk tarteko aurrera egin ezin izateak dakarren ezintasuna. Egoera horretan zabalpen handia egin genuen eta babes handia jaso genuen Gasteizko norbanako euskaltzale eta eragile askoren partetik. Horren aurrean erabaki zuen Lazarraga elkarteak, luze joan ziren eztabaidetan, aurrera egin behar genuela, bestela proiektua ez genuelako bizirik ikusiko eta ez genuelako irudikatu nahi horrelako proiekturik gabeko Gasteiz bat. Horretarako, guretzat bidezkoak ez diren baldintza batzuk onartu behar izan ditugu; besteak beste, Udalak elkarteari egozten dion zor bat ordaintzea. Denborak esango du ea erabaki ona izan zen hura, baina hori zen aurrera egiteko modu bakarra. Dena den, guk dena gaindituta ikusten dugu, ez gaude atzera begira.

"HANDIA IZAN ZITEKEEN ZERBAIT EZEREZEAN GERA ZITEKEELA IRUDIKATZEA EZ DA GOZOA IZAN"

Aurrerantzean zelakoa izatea nahi duzue Udalarekiko harremana?

Espero duguna da elkarlanerako bideak zabalduko dituen harreman mota bat izatea. Orain, oinarri finko batzuk jartzea komeni zaigu guztioi ere, proiektuak berak hasiera ahalik eta onena izan dezan eta hainbeste itxaron duten erabiltzaileei ahalik eta proiektu egokiena eskaini diezaiogun.

Zu zeu nolatan hasi zinen Lazarraga kultur elkartean eta nola bizi izan dituzu azken urteotako gorabeherak?

Beti ibili izan naiz kulturaren kudeaketaren gainean lanean, eta euskara ere beti izan dut eskura. Beti gustatu izan zait gauzak antolatzea eta ekitaldi bat amaitu eta jendea beste baterako gogoz irten dela ikustea. Era berean, koordinazio lanetan ibiltzeaz gainera, Lazarraga kultur elkartean komunikazio lanak egitea ere badagokit, eta horrek ere beti erakarri izan nau: nola komunikatu askotariko publikoetara heldu eta dituzten beharrak kulturaren bidez asetzeko. Duela bost urte sortu zitzaidan Lazarragan lan egiteko aukera, eta, egia esatearren, ez nuen espero hainbeste denbora egitea bertan. Gorabeherei dagokienez, egoera ez da batere erraza izan, Oihaneder ixtea egokitu zitzaidan arren etorkizuneko erronka ilusioz betetakoa eta polita aurreikusten zelako. Alegia, ulertzea kosta egin zaigun arrazoiengatik horrelako proiektu bat bertan behera geratu daitekeela ikustea gogorra izan da; izan ere, horrelako egitasmoak, azkenean, oso gertutik bizi izaten dituzu eta inplikazio maila ere handia izatera heltzen da. Horrenbestez, handia izan zitekeen zerbait ezerezean geratu zitekeela irudikatzea ez da gozoa izan.

Zer da, zehazki, Izaskun Arrue Kulturgunea?

Duela bi urte itxi zen Oihaneder Euskara Etxearen ordezko zuzen gisa ulertu behar dugu? Orain dela 12 urte, euskararen normalizaziorako Gasteizen kafe antzoki baten edo euskararen etxe baten beharra ikusi zenean, Lazarraga kultur elkarteak hartu zuen egitasmoaren lidergoa, inguruan beste eragile batzuk zituela. Etorkizunean abiatu gura zen balizko kafe antzoki hori martxan jarri bitartean, Montehermoso Kulturgunean Oihaneder Euskararen Etxea zabaldu zen; horrek iraun zuen zortzi urteetan zehar Lazarraga kultur elkarteak kafe antzoki bat egiteko ideiarekin jarraitu zuen. Hortaz, Izaskun Arrue Kulturgunea bi ekimenak batzen dituen egitasmoa bat da, Oihanederren egiten zena baino haratago joango dena. Euskarari eta euskal kulturari lotutako askotariko programazioa eskaintzea da helburua.

"GASTEIZKO EUSKALDUNEI ESPAZIO BAT EMATEA BEHARREZKO IKUSTEN ZEN"

Zer ikasi duzue Oihanederren egindako kudeaketatik? Pentsatzekoa da bide berrian baliagarria izango zaizuela.

Bai, baliagarria eta ezinbestekoa. Horrelako proiektuak oso dinamikoak dira eta espero gabeko erronkei aurre egiteko esperientzia lortzen joan gara urte horietan guztietan. Oihanederren ikasitakoak, egindako lanketak eta hausnarketak eta lortutako elkarlanak oinarri finkoa eskainiko digute Izaskun Arrue Kulturgunea martxan jartzeko orduan.

Udazkeneko programazioa lotzen ari zaretela esan duzu; zelako ekintzak hartuko ditu Izaskun Arrue Kulturguneak?

Askotariko diziplinak lantzea da helburua, baita eskaintza publikoei zuzendutakoa izatea ere. Eragileek eta erabiltzaileek dituzten beharrak identifikatu nahi ditugu, eta horiei guztiei erantzuten saiatu. Kulturaren kateak dituen faseak lantzea dugu jomugan, proiektuak sortu, ekoitzi, taularatu, erakutsi eta esperimentatzetik horiek zabaldu eta komunikatzera arte. Helburu nagusia euskararen normalizazioa bultzatzea izanik, euskal kulturaren bueltako egitasmo guztiek izango dute lekua bertan.

Eta zein baliabide eskaintzen ditu horretarako kulturguneak? Ikusi ez duenari, nola azaldu zer dagoen Errementari kalean kokatutako Ruiz de Bergara jauregi birgaituan?

Birgaitu ostean oso polita geratu den espazio bat da, harriz eta egurrez jositakoa. Lau solairu ditu eta areto bat eta antzokia dira espazio nagusiak; askotariko formatuetako ekitaldiak hartuko dituzte horiek. Horretaz gain, erabilera askotariko hainbat gela ere badaude, tailerrak, egonaldi artistikoak, ikastaroak eta formatu txikiagoko jarduerak egin ahal izateko. Lazarraga elkartekook ere bertan dugu lanerako tokia. Espero dugu eraikina jendearentzat erakargarri izatea. Ostalaritzak ere espazioa izango du: oraindik ez dago martxan, baina aurreikusten dugu kontzertuak-eta daudenean taberna zerbitzua ere eskaini ahal izatea. Lantaldeari dagokionez, eta etorkizunean gehiago izatea baztertzen ez dugun arren, oraingoz bost laguneko taldea gaude bertan, administraziora, kultur programaziora eta komunikazio eta marketinera bideratutako lanetan ari garenak.

"ESPERO DUGU ELKARLANERAKO BIDEAK ZABALDUKO DITUEN HARREMANA IZATEA UDALAREKIN"

Nolako erabiltzaileak imajinatzen dituzue?

Euskal kultura zer den eta hori bizi nahi duten ume txikienetatik eta beren familietatik aurrera, askotariko audientziak. Euskal kulturarekiko sentsibilitate berezi bat duten erabiltzaileak erakarri nahi ditugu, baina bada euskal kulturara gerturatu nahi duten edo euskaraz ez dakiten pertsonei zabalik dagoen toki bat ere. Topagune bat izatea nahi dugu, euskarari lotutako eskaintza baten bidez saretzeko, erreferentzia bihurtzeko eta gustura sentitzeko toki bat; euskaraz eta euskaratik bizitzeko gune bat.

Zergatik da garrantzitsua Gasteizentzat horrelako baliabide bat izatea?

Bere momentuan hutsune bat ikusten zen hemen. Izan ere, beste herri batzuetan euskara gehiago entzuten den arren, Gasteizen ere azken urteetan igo egin da euskararen erabilera, eta euskaldun horiei espazio bat ematea beharrezko ikusten zen. Era berean, euskaldunen ehunekoa igotzeko modu bat ere izan daiteke; pentsatu nahi dugu horrelako proiektu batek eragiten duela, baliagarria dela Gasteizko kaleetan gasteiztarren artean euskara gehiago erabiltzeko.

Nola ikusten duzu Gasteizko euskalgintzaren osasuna?

Nik gero eta gehiago entzuten dut euskara. Eta ez bakarrik unibertsitatean eta halako inguru jakinetan edo kale zehatz batzuetan; Gasteizko kaleetan batera eta beste ibilita konturatu naiz horretaz. Alde horretatik, osasuntsu dagoela pentsatu nahi dut. Egia da gune batzuk erdaldunagoak eta beste batzuk euskaldunagoak direla, eta, horren arabera, gasteiztarrak ez diren zenbaitek Gasteizko euskararen egoeraren gaineko aurreiritziak ere izan ditzaketela. Baina Izaskun Arrue Kulturgunea bezalako egitasmoekin egoera horietan eragitea lortu nahi genuke, Gasteizen euskara erabili eta euskaraz bizi nahi duen gero eta jende gehiago egon dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak