Aurtengo Anton Abadia saria, kantu ontzaileari

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko ira. 12a, 19:48

Ruper Ordorika Ezkurdia (Oñati, 1956) musikariaren 40 urteko ibilbidea saritu du gaur, eguena, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Tabakaleran egin duten sari-banaketa ekitaldian; Iñigo Aristegui Telloren Zazpi petaloak oroigarria jaso zuen. Bihar, egubakoitza, Goiena telebistan eskainiko dute ekitaldi osoa, 19:00etan eta 22:30ean.

Euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsonen eta elkarteen jarduna aitortzeko sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Anton Abadia saria. Ruper Ordorika Ezkurdiak egindako ibilbidea txalotu gura izan dute aurten, "euskarazko sorkuntzaren eta kulturaren alde egindako lana eta ekarpen joria" aitortzeko asmoz. "Haren musikaren eta ahotsaren bitartez, iturri anitzetatik edanez, euskal kantagintza muga berrietara zabaldu du eta, horrela, unibertso propio bat sortu du, beti euskaratik eta euskaraz. Mugarriz mugarri abian jarraitzen duen ibilbide horri esker, sormen eta kultur erreferentzia aberatsak, ordezkaezinak, eskaini dizkio euskal hizkuntzari eta kulturari, euskararen herriari berari", azaldu du Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak.

Gaur, eguena, Donostiako Tabakaleran egin duten sari-banaketa ekitaldia, eta han bildu dira askotariko erakundeetako ordezkariak, Oñatiko alkate Izaro Elortza horien artean, eta euskal kulturgintzako aurpegi ezagun asko ere bai. Gipuzkoako diputatu nagusiaren eskutik jaso du Oñatikoak saria, eta "pozik eta eskertuta" dago: "Bitxia da sari bat hartzea norberak gehien maite duen langintzari esker. Eskerturik nauzue: Milesker handia!".

Lagunen aitortza gozoa

Ordorikaren omenezko laudorioekin zabaldu du diputatu nagusiak ekitaldia, eta, segidan, “sari-emaileez harago, Oñatiko musikariaren lagunek, lankideek eta bestelako bidelagunek ere aitortza egiteko gogoz Oskar Alegria zinegileak egindako bideoari eman dio lekukoa.
 
Maite Larburu musikaria eta Ruperren lagunak, mikrofonoa eskuetan, Berandu dabiltza kantua abestu du; tarteka, bideoko pasarteekin josita. Peto laranja soinean, Bernardo Atxaga idazleak zabaldu du ikus-entzunezko ederra, eta segidan agertzen dira, besteak beste, Jose Angel Irigarai idazlea; Maddi Oihenart abeslaria; Harkaitz Cano idazlea; Pott Bandako kide eta idazle Josemari Iturralde; Niko Etxart kantaria; Aizpea Goenaga aktorea; Fermin Etxegoien idazlea eta Ordorikaren gertukoa; Itxaro Borda idazlea; Marino Lejarreta txirrindularia; eta Joseba Sarrionandiak borobiltzen du landua besteko opari gozoa.
 

Aurreko belaunaldia gogoan

Euskal kultura zeharo debekatuta zegoen garaian hazi zela kontatu du Ordorikak ekitaldian egin duen hitzaldia hasteko, eta aurreko belaunaldiko sortzaileei aitortza egiteko aprobetxatu du. "Etxeko giroan aurkitu genuen lehen babesa. Gero, erdi ezkutuan lortutako diskoetan hasi nintzen mundu berri hura deskubritzen. Gaurkoa abagune bikaina dut gure aurreko belaunaldiaren lana goraipatzeko. Hein handian, haiengandik jaso nuen barru-barrutik mintzo zitzaidan mundu bat, nire musika gustuekin bat egin zezakeena. Euskal abeslari haiei esker emeki-emeki sartu nintzen kantutegi zaharrean eta gure jendearen berbetan eta doinuetan. Bagenuen nondik heldu!".

Mixel Labegerie Frantziako Errepublikako senatari eta kantariari aipamena egin dio hastapenetako garaien kontakizunean. "Eszenatokira igo nintzen lehen aldian, 15 bat urte nituela, Mixel Labegerieren kantu bat jotzeko izan zen, Gasteizen. Bitxikeria dirudi egun, Errepublikak gure hizkuntzaren irakastea bazterreko kontsideratzen baitu. Labegerieren abestiek bere ondare politikoa baino oihartzun handiagoa bildu dute, eta hor datza gure esperantza. Hizkuntza dugu bizi iraupenaren itxaropena".

Laguntza antolatuaren beharraz

Anton Abadia eta haren lana goraipatzeko aukera baliatu du Ordorikak; bide horretatik, gaur egungo sortzaileen beharrak aldarrikatu ditu. "Anton Abadia jakintsuaren ohoretan gaude hemen, haren Jauregiko Tabakaleran. Abadia jaunak, bere garaian Euskaldunen aita izendatuak, Zazpiak bat irudikatu zuenak, ukanen zuen, beharbada, Euskal Herriaz hainbestetan aipatu den ikuspegi mitikoa, baina, baita ere, garbi zuen herri kulturak eta gurea bezalako hizkuntzak laguntza antolatua behar dutela, kultura hegemonikoen eraketan gertatzen den moduan, mezenasgo bat, nahi baduzue. Hegoaldean, baina, ene ustez, gero eta gehiago piramide inbertitu baten itxura hartu du euskararen munduak. Goiko alde zabalean laguntza jasotzen duten komunikabideak, teknikariak, bitartekariak, aretoak eta abar leudeke. Beste muturrean, oinarria behar zukeen tokian, bertize mendrean, euskaraz sortu nahian duinki iraun ezinik dabilen egilea... Guztion lanak beharrezkoak izanik, ez ote da piramidea poliki-poliki eraldatzen hasteko unea? Bistan da piramide horrek ez duela orekarik, eta sortzaileari behar duen lekua eman behar zaio herri honetan".

Ruper Ordorika: "Sortzaileari behar duen lekua eman behar zaio herri honetan"

Zuzeneko musikarekin

Hitzaldien artean, Maite Larburu Garmendia musikaria igo da taularen gainera, eta kantuan borobildu du Ordorikak ekitaldia gero. Xabi Etxeberri biolin-jolea eta Jose Cazaubon dantzaria alboan zituela, Zaindu maite duzun hori eta Izen zaharrak abestiak partekatu ditu Tabakalerako aretora joan den publikoarekin.

Eskualdeko saridunak

1996an Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako sariketaren ibilbidean zehar Debagoieneko hainbat pertsona eta talde saritu izan dituzte.

  • 1996 Arantzazuko egutegia.
  • 1997 Arrasate Euskaldun Dezagun elkartea.
  • 2002 Juan Zelaia.
  • 2003 Elay Taldea.
  • 2016 Moriarti Produkzioak.
  • 2021 Fagor Taldea.
  • 2022 Garabide Elkartea.
  • 2024 Ruper Ordorika.
Erlazionatuak

Abadia Saria 2024: ekitaldia

Mirari Altube Arrese ira 12 Debagoiena

Anton Abadia saria, iruditan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria ira 13 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak