Arrastoa utzi zuen abentura, liburuan jasoa

Txomin Madina Milikua 2024ko ira. 6a, 21:30

Gaur arratsaldean aurkeztu dute Santa Ana antzokian Iñaki Galdosek idatzi duen Abentura bat baino gehiago liburua. Duela 50 urte AEBetako Boise hiritik Oñatira etorri ziren ikasleen inguruko liburua da eta aurkezpenean, oñatiarrez gain, hainbat estatubatuar ere izan dira.

1974ko irailaren 2a berezia izan zen Oñatirentzat, egun horretan heldu zelako herrira AEBtako Boise hiriko ikasle talde bat. Iñaki Galdosek liburu bat argitaratu berri du gertakari hura abiapuntu hartuta, eta gaur aurkeztu dute Santa Ana antzokian. Galdos bera; ekimenaren sustatzaile izan zen Pat Bieterren seme John Bieter; Oñatiko alkate Izaro Elorza; eta Jerardo Elorza bildumako zuzendari David Zapirainek hartu dute hitza aurkezpenean. Izan ere Oñatiko Udalak argitaratzen duen bilduma horren bosgarren emaitza da Galdosen liburua, eta bai alkateak eta baita Zapirainek ere liburuan balioa goraipatu dute.

Aurkezpenak piztu du ikusmina eta bertaratu direnen artean ez zeuden oñatiarrak bakarrik, duela 50 urte eta gerora egindako beste lau egonaldietan Oñatin izan ziren estatubatuarrak eta haien hainbat senide ere egon dira-eta Santa Anan.

Euskal diasporarentzat "inflexio puntua"

Iñaki Galdosek adierazi duenez hainbat urte pasatu dira liburua idazten hasi zenetik, eta oso gustura agertu da  aurkezpenak izan duen izan duen erantzunarekin. Bere hitzaldian  76 pertsonaz osatutako 1974ko lehenengo espedizio hark bai AEBetan eta baita Oñatin izandako oztopoak azaldu ditu, besteak beste, eta gaineratu du euskal diasporarentzat mugarri eta inflexio puntu bat izan zela: "Orduan 18, 19 edo 20 urte zituzten neska-mutiko haiek abentura bat bezala bizi izan zuten. Baina garai hartan gertatzen ari zena eta gerora gertatu zirenak ikusita, espedizio haiek abenturaz gain beste gauza asko ere izan zirela esan daiteke".

Iñaki Galdos, gaurko aurkezpenean.

Ordutik zer geratzen den galdetuta, dio Boise eta Oñati arteko harremanak oso estuak direla: "Jende asko dago harremanetan: familia asko sortu ziren, baita oraindik ere hara eta hona ibiltzen diren lagunak ere. Akaso sinbolikoena da 1980tik, urtero, San Inazio egunean, Oñatiko Corpus dantzak egiten direla Boisen eta han mundu guztiak dakiela bi herrien arteko harremanagatik dela".

12 urterekin Oñatira

1974an Oñatira etorri ziren estatubatuarretako bat John Bieter izan zen, gaur egun Boise State Unibersityko historia irakaslea. Baina ez zen ikasle moduan etorri, hamabi urte zituelako baizik. Bere aita Pat Bieter izan zen espedizioen sustatzailea eta familia osoa etorri zen 1974an Oñatira. "Nire ama,  jatorri euskalduneko Eloisa Garmendia  zen eta aitaren ideia izan zen hemen campus bat egin  eta ikasleak AEBtatik Oñatira etortzea euskara eta euskal kultura ikastera. Nahiko zoratuta zegoen", esan du irribarre batekin.

Gaurko aurkezpenean duela 50 urteko hainbat pasarte gogora ekarri ditu. "Ni, adibidez, Eskola Nazionaletara joan behar izan nintzen ikastera, baina ez nekien ez euskara ezta gaztelera ere. Berez zazpigarren mailan egon behar nintzen, baina laugarrenean jarri ninduten, mahai handi baten, gaztelera ikasten. Guretzat beste mundu bat zen dena eta oñatiarrek Martetik etorri izan bagina bezala begiratzen gintuzten", azaldu du euskara hutsean. Neurri baten garai "ilunak" izan zirela ere azaldu du; esaterako, San Lorentzon bonbak jarri zituztenez herrira Guardia Zibilak zainduta sartu zirelako. Baina ez du ahazten orduan lagun handiak egin zituztela: "Familia-eta agurtu beharragatik, negarrez etorri ginen AEBetatik; baina Oñatitik ere negarrez joan ginen".

John Bieter.

Gerora sarri etorri izan da Euskal Herrira eta Oñatira eta egindako lagun horien guztien adierazgarri da gaur, aurkezpena bukatzean, jende pila bat gerturatu zaiola agurtu guran. Oñatiko bere lehen egonaldietan musika talde kuttuna zuen Nekez taldeko kideetako bat ezagutzeko aukera ere izan du gaur gainera: "Niretzat Beatlesak baino  handiagoak ziren Nekezekoak!".

Iñaki Galdosek liburua idazterako orduan izugarrizko lana egin duela gaineratu du Bieterrek, eta datorren urtean ingelesez argitaratuko denez, aberasgarria izango dela ez bakarrik euskaldunentzat, baita estatubatuarrentzat ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak