Ginea Konakryra doaz, proiektuak ikustera

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko uzt. 9a, 17:35

Oñatiko parrokiako misio taldeak Ginea Kronakryn dituen bi eskolak ikustea, hango irakasle, ikasle eta herritarrekin egotea eta dituzten beharrak identifikatu eta erakundeen inplikazioa lortzea da udan egingo duten bidaiaren helburua.

Oñatiko parrokiako misio taldeak Ginea Konakryko Dhaguel herrian duen proiektua bertatik bertara ikustera, dituen beharrak ezagutzera eta hangoekin egotera doa udan misio taldeko kide Manu Egaña. Oñatin bizi diren Ginea Konakryko bi lagun izango ditu bidelagun: Mamadu eta Adama Bah, hain zuzen.

Bigarrena ere martxan

4 eta 12 urte bitarteko umeen Oñati eskola du martxan herriko misio taldeak han, eta 13 eta 15 urte arteko neskek joskintza eskolak jasoko dituzten eraikina ere egin dute. Orain hasiko dira han lehen eskolak ematen, eta bi proiektuen jarraipena egitea da bidaiaren asmoa. "Zein behar dituzten ikusi gura dugu, eta Oñatitik zelan lagundu dezakegun aztertu, eskola biek martxan jarraitu dezaten. Hango irakasleekin ere egon gura dugu, arlo akademikoa nola lantzen duten ikusi eta zeregin horretan ere gure laguntza eskaintzeko. Orain, gainera, eskola berri horretan irakasle gehiago beharko dira. Orain arteko guztia Oñatitik bidalitako diruarekin finantzatu da %100ean, Udalak, Ulmak eta antolatu diren ekitaldietan herritarrek emandako diruarekin. Baina gurako genuke hango erakundeak ere proiektu horietan inplikatzea, eta dagoeneko bilera pare bat lotuta ditugu hiriburura goazenerako. Horrez gain, hango herritarrekin ere egin gura dugu berba, eta Mamadu eta Adama bidelagun onak izango dira horretan", azaldu du Egañak.

Laster martxan jarriko duten bigarren eskolan langintza bat erakutsi gura diete neskatilei, "bizitzan aukera gehiago izan dezaten", Egañak dioenez. "Joskintza erakustearekin batera ekintzailetasuna ere landu gura dugu eurekin. Eskola ondoan merkatu bat dago eta eurek han izan ditzaketen aukerak ikusten laguntzen saiatu gura dugu. 12 urterekin ezkondu egiten dituzte neskatila asko, eta haien etorkizuna mugatu, eta eskolarekin beste aukera batzuk eman gura dizkiegu". Hogei bat egun egingo ditu Egañak han, eta aurreratu du han ikusitakoaren berri emango duela bueltan.

Ia 200 umek ikasten dute Oñati eskolan



Oñatiko diruarekin finantzatuta dago, erabat, Dhagel herrian dagoen Oñati eskola. Duela urte eta erdi inguru hasi ziren han eskolak ematen bi irakasle, eta 4 eta 12 urte bitarteko ia 200 ume joaten dira hara ikastera; bertan eta inguruko herrietan bizi diren gaztetxoak. Hango ume askorendako Oñatiri esker izan da posible eskolara joateko aukera izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak