Zilarrezko domina eman dio Gurutze Gorriak Iñigo Guridi 'Kalibre'-ri

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko eka. 29a, 22:01

Gurutze Gorrian egindako boluntariotza lanagatik elkarte horren zilarrezko domina eman zioten Iñigo Guridi 'Kalibre' oñatiarrari. Haren alargunak eta seme-alabek jaso zuten, ekitaldira joan zirenak zutik jarrita eta txalo artean eskertu zuten ekitaldi hunkigarrian.

Duela 40 urte, 1983ko abenduaren 3an, egin zuen lehen guardia Debagoieneko Gurutze Gorriak. Arrasateko eskualdeko ospitaleko larrialdi eremuan zegoen gela txiki batean egin zuten, gauez. Haren ostean zaintza gehiago egin zituzten eta egoitza baten beharra zegoela ikusi. Elorregiko egungo egoitza hasi ziren txukuntzen handik gutxira eta 1984ko uztailaren 14an inauguratu zuten. Hasierako boluntario talde horretan zegoen Iñigo Guridi 'Kalibre' oñatiarra eta Gurutze Gorrian jarraitu zuen hil zen arte, duela bost urte. Hark egindako lana gogora ekartzeko, elkartearen zilarrezko domina ematea proposatu zion Elorregiko egoitzako zuzendari Javi Igartua oñatiarrak elkarteari. Proposamena onartu, eta zapatuan Santa Anan egindako ekitaldian gauzatu zuten eskaria, egoitzaren 40. urteurrena ospatzearekin batera.

Hamaikak aurretik hasi zen jendea Santa Anara iristen. Gurutze Gorriko boluntario asko eta baita erakundeetako ordezkariak ere. Ekitaldira gonbidatuta zeuden eta etorri direnen artean: Gurutze Gorriko EAEko presidentea –Estibaliz Arnaiz–, Gipuzkoakoa –Jose Luis Peña–, Bizkaikoa –Victor Gutierrez–, Arabakoa –Jesus Cantero–, Oñatiko alkatea –Izaro Elorza– eta Bergarako alkatea –Gorka Artola–. Horiez gain, 'Kalibre'-ren kuadrillakoak eta mendi bizikletako lagunak ere izan ziren, beste herritar askoren artean, ekitaldian.

Gurutze Gorriko boluntarioak diren Itziar Arkauz eta Leire Ibarrondo oñatiarrek aurkeztu zuten ekitaldia eta hitza eman ahalaz igo ziren hainbat lagun Santa Anako oholtza gainera. 40 urte hauetan Debagoieneko Gurutze Gorriak egindako ibilbideaz mintzatu zen, esaterako, horko zuzendari Javi Igartua. Aipatu zuen errepideko erreskateetatik hasita beste zenbait arlotan egiten dutela lana. Guridi ere izan zuen gogoan: "Oso orientazio ona zuen, oso ondo moldatzen zen mendian eta izugarrizko lana egin zuen arlo horretan, adibidez. Behin, Aloñako Igoera batean, hari esker izan zen posible taldeak ondo lokalizatzea, Buetraitz inguruan, sekulako behe lainoa eta ilun zegoen egun batean. Horregatik, 2019ko Aloñako Igoeran, Guridi hil zen urte berean, oroigarria eman zion antolakuntzak familiari, eta harrez gero 'Kalibre' saria ematen zaio Buetraitzetik pasatzen den lehen korrikalariari. Mendi horren perfila eta Gurutze Gorriko Land Rover ibilgailu bat du oroigarri horrek". Izaro Elorzak haren moduko boluntarioen konpromisoa azpimarratu zuen eta Jose Luis Peñak, berriz, adierazi zun harritu egin dela beti Debagoieneko Gurutze Gorriko taldeak egindako lanarekin, "oso lan ona".

Arnaizen eskutik jaso zuten 'Kalibre'-ren etxekoek eta seme-alabak Gurutze Gorriaren zilarrezko domina. Momentu horretan, zutitu egin ziren Santa Ana antzokian elkartuzdirenak eta txalo zaparrada luze batekin adierazi zioten elkartasuna familiari. Irene Olalde alargunak denei eman zien eskerrak bere eta Iñigoren familien izenean.

Musika eta bideo laburrak ere izan ziren 11:30ean hasi eta ordubete inguru iraun zuen ekitaldian. Guridiren alabak eta beste sei lagunek osatutako taldetxo bat birritan igo zen oholtza gainera eta hari gustatzen zitzaizkion bi kantu jo zituzten, Bruce Springsteen-ena bat eta Itoitzen beste bat. Guridik Gurutze Gorrian egindako lana ikusi zen beste bideo baten –Hertzainak taldearen kantu bat entzuten zela–, argazkiekin eta irudiekin. Aloñako Igoerako antolakuntza taldeko Pablo Arejolaleibak ere egin zuen berba bideoan, taldearen izenean, Guridik urte askotan emandako laguntza eskertzeko. Eta mendiko bizikletako planak egiten zituzten lagunek ere jarri zuten ahotsa bideoan, harekin igarotako zenbait momenturen argazkiak erakutsiz.

Ekitaldia amaitzeko, argazkia erraldoia atera zuten Guridiren etxekoek Gurute Gorriko boluntarioekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak