Ganbara Faktoriak 'Txakolinaren ospakuntza' ikuskizuna egingo du Upain txakolindegian

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko eka. 26a, 14:08

Hots abesbatzak eta Ganbara abesbatzak hartuko dute parte Txakolinaren Ospakuntza ikuskizunean, pianoan Amaia Zipitriak lagunduta. Andoni Salamero olerkariak berak sortutako poesia eta Bitoriano Gandiagaren testuak errezitatuko ditu eta Garazi Etxaburu dantzari ondarrutarrak ere parte hartuko du.  Horrez gain, Oñatiko hiru txakolindegiak ere bertan izango dira: Belaskua, Murgialdai eta Upain.

Oñatiko Ganbara Faktoriak Udako Gauak ekimena ekoizten du urtero sasoi honetan, eta horren baitan, abesbatza musika ohikoa ez den toki batzuetan beste modu batera entzuteko aukera eskaintzen dute, herriko txoko bereziak hautatuz eta ikuskizunerako apainduz.

Aurten, Oñatiko ondarea bultzatzeko asmoarekin, txakolina izango da protagonista eta Txakolinaren Ospakuntza izenburupean sortutako diziplinarteko erakustaldia egingo dute egubakoitz honetan Upain txakolindegiaren kanpoaldean, gaueko 22:00etan.

Hainbat protagonista

Proiektu honek hainbat protagonista izango ditu; Hots abesbatzak eta Ganbara abesbatzak hartuko dute parte, pianoan Amaia Zipitriak lagunduta. Andoni Salamero olerkariak berak sortutako poesia eta Bitoriano Gandiagaren testuak errezitatuko ditu eta Garazi Etxaburu dantzari ondarrutarrak ere parte hartuko du.  Horrez gain, Oñatiko hiru txakolindegiak ere bertan izango dira; Belaskua, Murgialdai eta Upain.

Ganbara eta Hots abesbatzetako zuzendari Aitor Biain-Bidartek adierazi du emakume konposatzaileak bultzatzeko asmoarekin, bi obra enkargatu dituztela kontzertu honetan estreinatzeko. Lehenengoak Bildu dauka izena eta batez ere zinema, telebista, antzerki eta bideojokoetarako soinu bandak konposatzeagatik ezaguna den Paula Olazek sortu du. Eta bigarrena, Agur maite izenekoa, euskal abesbatza musikan zein nazioartekoan ekarpen oparoa egin duen eta Ganbara Fatoriaren kolaboratzaile ohikoetako bat den Eva Ugaldek sortu du. Horiei hitzak Salamerok jarri dizkie.

Garazi Etxaburu dantzaria ere gustura dago proiektuaren parte delako. Juan Celaya Fundazioko Gorka Bazterretxeak, berriz, esker hitzak izan ditu Ganbara Faktoriak proiektu honetarako euren espazioa aukeratu duelako eta Belaskua txakolindegikoak ere pozik daude, besteak beste, euren produktua ezagutarazi ahalko dutelako.

Izan ere, kontzertuaren aurretik 21:00etan, txakolin dastaketa izango da lekuan bertan, eta ondoren 300 lagunendako edukiera izango duen kontzertua ikusi ahalko da 22:00etan.

Eguraldi txarra eginez gero, kontzertua atzeratu egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak