Guardia Zibila Oñatitik eta Euskal Herritik joatea eskatu dute jai-giroan

Txomin Madina Milikua 2024ko eka. 22a, 22:26

Hainbat urtetako etena eta gero, Fan Hemendik Eguna egin zuten berriz ere Oñatin. Arratsaldeko manifestazioa jai giroan egin zuten, txarangaren musikak lagunduta eta herriko erraldoien konpainian.

Eguerdi partean izan zen poteo musikatuarekin eta horren ostean 150 lagunetik gora batu zituen bazkariarekin eman zioten hasiera, bost urteko etena eta gero, Oñatin, egin zuten Fan Hemendik Egunari. Jende gehien, baina, arratsaldeko manifestazioan batu zen.

Ehunka herritarrek egin zuten bat Seixo, ondiok hemen? Fan Hemendik leloa zeraman pankartaren atzetik herriko kaleetan barna egin zuten mobilizazioarekin. Txarangaren musikak eta herriko erraldoien presentziak animatu zuten manifestazioa eta ordura arteko aldarriak eta txistuak areagotu egin ziren Guardia Zibilaren Oñatiko kuartela dagoen kalera heltzean. Ertzaintzaren hainbat furgoneta bertan zeuden ordurako, baina ez zen istilurik egon, manifestazioak ez zuen-eta bertan geldialdirik egin. Hasi zen lekuan bertan, Foruen Plazan amaitu zen mobilizazioa, eta bertan irakurri zuten manifestua Fan Hemendik taldeko bi kidek.

"Oñatiko historia ilunaren parte"

"Jende pila bat elkartu gara gaur Guardia Zibilari hemendik eta Euskal Herritik joateko eskatzeko",  esanaz hasi zuten hitzartzea , eta gaineratu Espainiako eta Frantziako indar armatu eta polizialen presentzia Euskal Herriak "pairatzen duen zapalkuntzaren adierazgarri nagusienetako bat" dela.

"Konfrontazio armatuaren garaian rol protagonista jokatu zuten, eta gaur egun oraindik, ikusgarritasuna jaitsi bada ere, bertan jarraitzen dute. Ziklo haren bukaerak, baina, ez du beraien presentzian aldaketa nabarmenik ekarri, ez eta joateko intentziorik agertu ere", esan zuten era berean, eta gaineratu oraindik ere Euskal Herrian jarraitzeko arrazoia dela "beraien irteera gatazkaren balizko konponbiderako urrats handia izatea". Salatu zuten Oñatiko "historia ilunaren" parte izan dela Guardia Zibila: "Besteak beste, ekainaren 25ean 34 urte beteko dira Susana Arregi torturatu eta hil zutela, eta ezin ahaztu oñatiarrek jasandako 70 tortura kasu baino gehiago, errepide kontrol bortitzak, atxiloketak eta eragindako tentsio eta sufrimendua". 

"Guk garbi daukagu, kuartelik gabeko herria izan nahi dugu" aldarrikatu zuten, eta azaldu Fan Hemendik mugimendua helburu "garbi" batekin dela berriz ere martxan: "Indar okupatzaileak Euskal Herritik joan daitezela! Herri honek bakean bizi nahi du indar okupatzailerik gabe".

Balorazio "positiboa"

Talde berri batek hartu du Fan Hemendik Eguna antolatzearen ardura, eta egunak emandakoaren balorazio "positiboa" egin du, baita jarraikortasuna izateko asmoa azaldu ere.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak