Zazpi artzainek jaso dute makila Gomiztegiko ikasturte amaierako ekitaldian

Goiatz Arana Begiristain 2024ko eka. 18a, 18:03

Eguerdian ospatu dute 27. kurtso amaiera ekitaldia eta, bertan parte hartu duten ordezkari politikoen eskutik, diplomak eta makilak jaso dituzte ikasketak amaitutako ikasleek. Zazpi izan dira guztira, hiru neska eta lau mutil, eta askotariko jatorridunak: Hego Euskal Herria, Katalunia, Andaluzia eta Argentina. 

Nagore Nebreda da horietako bat, 23 urteko legazpiarra. Lehen sektorean lanean irudikatzen du bere etorkizuna eta Gomiztegin jasotako formakuntza  sekulako bultzada izan dela dio.

Artzain Eskolan jasotako formakuntza eta babesa eskertu ditu Aritz Bengoa 31 urteko ubidearrak ere, baina ezkor mintzatu da, aldi berean. Ahuntz-sektorean etorkizun profesionala garatzeko asmoz duela bi urte abiarazitako proiektua aurrera eramatea nekeza ari dela izaten adierazi du, betebehar burokratikoengatik eta prezioen igoerarengatik gehienbat.

Adostutako dekalogoa

Horren harira, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek esan du administrazioaren borondatea lehen sektore indartsu bat izatea dela eta lanean ari direla betebehar burokratikoak traba izan ez daitezen. Ildo horretatik, sektorearen mobilizazioen ondotik nekazaritza erakunde eta sindikatuekin batera adostutako dekalogoari egin dio erreferentzia.

Oñatiko Udalaren ordezkari Iñaki Olaldek, bere aldetik, eskerrak eman dizkie ikasleei, egindako hautuagatik: gure inguruak zaintzeagatik eta bertako produktuak kontsumitzeko aukera emateagatik.

Artzain Eskolatik beste ikasturte bat aurrera atera izana jarri dute balioan. Bederatzi hilabete izan dira, 1.300 ordu, teoria, praktikak Gomiztegin bertan eta eskolaz kanpoko baserrietan, bisitak  eta elkartrukeak.

27 ikasturte, 324 ikasle

Jada 324 dira Arantzazuko Gomiztegi baserrian ikasitako ikasleak eta erdiak sektoreari lotuta dihardu lanean. Batez besteko adina 27 urte da eta laurdena pasa dira emakumezkoak; bukatu berri den ikasturtean izandako emakume kopurua batez bestekoaren gainetik dago, ordea, eta ikusi beharko da zerbait puntuala edo joera berri baten hasiera den. Datu hori, batetik, eta ikasleen gaztetasuna, bestetik, nabarmendu dituzte aurtengo ikasturtetik, horrek belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko egindako bultzada babesten duela argudiatuz.

Batis Otaegi eta Michel Boucheron

Ekitaldian gogoan izan dituzte Batis Otaegi eta Michel Boucheron, Arantzazuko eta Iparraldeko artzain-eskoletan urte luzez -eta askotan elkarrekin- lanean aritutakoak eta aurten erretiroa hartuko dutenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak