Oñatiko ohitura osasuntsuen orientazio zerbitzua da POZ. Herriko biztanle ororentzako doako zerbitzua, bakoitzaren gaitasun eta zailtasunetara egokituz bizi ohitura aktibo eta osasuntsuagoak sustatzeko lan egiten duena. Jarduera fisikoa modu erregularrean egiteak onura ugari eragiten dizkio osasunari, eta hainbat gaixotasuni aurre egiteko eraginkorra dela frogatu da, hala nola hipertentsioari, diabetesari edo depresioari. Jarduera fisikoak, elikadurak, atsedenak eta emozioek ongizatea hobetu dezake. Hala, bizimodu aktiborantz laguntzea helburu izanda, eta belaunaldien arteko elkar-batzea oinarri, Nerabeak Astintzen izeneko egitasmoaren azken jaia egin dute.
Ikasgaiz betetako ibilbidea
Ibilaldia Santa Anan hasi dute, eta San Martinen egin dute lehenengo geldialdia. Natur Eskolako langileek azalpen batzuk eman dituzte, eta, gero, Natur Eskola atzeko anfibioen urmaelean ere jaso dituzte zenbait azalpen. Amaitzeko, azken jaia izanda, luntxa egin dute Berdura Plazan.
Informazio transmisioa
"Ikasturtean, nerabeak astintzen aritu gara, hitzak dioen moduan, eurak zirikatzen, mugimenduaren eta elikaduraren ohiturak erakusten. Eta belaunaldi ezberdinak batzeko aprobetxatu dugu azken jaia. Helburua izan da ibilaldi osasuntsua egitea eta bi belaunaldi horien informazio transmisioa egitea", adierazi du Pello Uriartek, Nerabeak Astintzen ekimeneko kideak. Azpimarratu du duela lau urte hasi zela Nerabeak Astintzen egitasmoa, eta programak eboluzio bat izan duela. "Ikasturtean askotariko lanketak egin ditugu, osasuna lehenengo lerroan jarrita. Urteko balorazioa positiboa da".