Zapatuan, ekainaren 15ean, zabalduko da bainu denboraldia Usakon. Urpekariak pasa dira, begiratu dute gehinez ere 3,8 metro sakon dituen putzua, eta atera dituzte barruko zikinkeriak.
Urpekarien esanetan ez zegoen zikin askorik, baina bai alanbre batzuk eta zuhaitzetako adarrak eta horietako batzuk kendu egin dituzte, putzu barruko ur korronteekin arrama horiek zutik, tente, gelditzen zirelako eta arriskutsua izan daitekeelako hori uretara salto egiterakoan. Aurten, baina, arreta deitu die karramarrorik ikusi ez izana. Joan den urtean aurrekoetan baino gutxiago ikusi zituztela esan dute urpekariek, baina aurten bat bera ere ez, eta arraroa egin zaie, Usakon bizi zena karramarro amerikarra zelako, "gogorra".
Udalak egingo ditu uraren kalitatearen analisiak
Aurten ere, zapatutik aurrera, soroslea egongo da Usakon arratsaldetan, 15:00etatik 21:00etara –bikoiztuko da 16:00etatik 20:00etara– eta jarraituko dute uraren analisiak egiten. Uraren kalitateak baldintzatuko du bainua datorren udan ere. Aurten, baina, Udalak egingo ditu analisiak. Europa mailakoa den bainurako uraren erregistrotik, hondartzetan aplikatzen denetik, Nayadetik, kanpo gelditu da Oñati. Pandemia geroztik egon da hor sartuta Oñati, osasun publikoak esanda, baina orain Udalaren esku utzi du analisiak egitearen lana, "joan den urteko gorabeherak direla eta". Urte guztian zehar egin ditu neurketak Udalak, ez du iturria detektatu, eta udan ere egingo ditu. Lehen bezala, momentuz, astean behin egingo dituzte uraren kalitatea neurtzeko analisiak, eta horren arabera hartuko du erabakia Udalak. Bainuaren kalitatea beti ez dagoela bermatuta dioen kartela ere jarriko dute inguruan.
Usakon bainua hartu ostean dutxatzea gomendagarria dela gogorarazi du kirol teknikariak eta gozatzeko mezua ere zabaldu gura izan du. Uda bainuak irauten duen bitartean, irailaren 15era arte, aparkalekua egongo da egokituta Usakon, ohiko tokian. Horri lotuta, udaltzaingoak baieztatu du, Ertzaintzarekin adostuta dutena jarraituz, errepide bazterrean aparkatuta dauden ibilgailuei isuna jarriko dietela. Udaltzainek, bestalde, kartelak ere jarriko dituzte hainbat puntutan, poltsak eta bizikletak begi bistan izateko. Autobus zerbitzua ere egongo da.
Ur-uhinen parkea ere, zapatutik
Igerilekuetako kanpoko belardia dagoeneko erabilgarri dago, zabalik, eta San Lorentzon dagoen ur-uhinen parkea zapatuan zabalduko dute. 11:00etatik 21:00etara egongo dira ur txorrotak zabalik, egunero, irailaren erdira arte. Komuna ere egongo da aurtengo udan gune horretan.
Bailarako beste herriei begiratuz, Arrasaten ere zapatuan zabalduko dituzte kanpoko igerilekuak eta ur txorrotak. Bergaran eta Antzuolan zabalik dago dagoeneko bainu denboraldia. Aramaion egubakoitzean zabalduko dute eta Eskoriatzean, igerilekuko kanpoko belardia zabalik dago baina kanpoko igerilekua uztailaren 2an zabalduko dute