Irudi bakoitzak bere tokia du prozesioan

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko eka. 1a, 09:00

Parrokiaren alde batean uzten dituzte santuak, prozesioan ateratzeko.

Dantzariekin batera eramaten dituzte prozesioan parte hartuko duten irudiak San Migel parrokiara, eta txistularien doinuekin batera sartzen dira barrura. Zehaztuta dago zein irudi zein ordutan eta nondik eraman behar duten elizara.

Goizeko hamaiketako mezaren ostean, eguerdian hasiko da prozesioa, domekan. Guztira, hamabost figura ateratzen dituzte anderoek eta herriko kaleetan zehar eramaten dituzte hamabi apostoluak eta San Migelekin batera, kofradiako kideek lagunduta.

Ohikoak izaten dira anderoak

Kofradiako kideak dira prozesioaren ardura dutenak. Denak du bere ordena, lekua eta ordua, eta hori gauzatzeko egiten dute ahalegina, dena ondo atera dadin. Horrela, hamabost kaxatan gordetzen dituzte prozesioan erabiltzen dituzten ileordeak, kapak, maskarak eta bestelako osagarriak gordetzeko. Santa Ana komentuan egoten dira kaxak eta domekarako denak Santa Anan egoteaz arduratu behar dute. Aurten, hain zuzen ere, berritu egin dituzte kaxa horietako forruak.

Anderoek erabiltzen dituzten kuxinak ere horrelako kaxetan egoten dira, eta banatu egiten dituzte, gero, irudiak bizkar gainean eraman behar dituztenen artean. Ohikoak izaten dira anderoak, baina urtero egoten da bajaren bat, eta, normalean ordezkoa euren artean bilatzen badute ere, kofradeen ardura da behar den andero kopurua ziurtatuta egotea. Andero gehienak gizonezkoak diren arren, ez denak. Neska gazte batzuk ere hasi ziren andero duela urte gutxi, adibidez, eta aurten ere haiek aterako dute Pragako Jesus haurra.

Parrokiara irudiak

Prozesioko irudiak herriko hainbat gunetan gordetzen dira, han egoten dira urtean zehar, eta domeka goizean gerturatzen dituzte kalera, Aita Madina txistulariekin eta Oñatzeko dantzariekin batera parrokiaraino eramateko. Barruan egoten dira mezak irauten duen bitartean, eta gero ateratzen dituzte prozesiora. Ezarrita dago zein irudi nondik eta ze ordutan eramango duten San Migel parrokiaraino, eta ezarrita dago prozesioan zein zeinen ondoren aterako den. Horrela, parrokiako gurutzearen ondoren doan lehen irudia Arantzazuko Ama Birjinarena da. Bigarrena da San Kristobal –prozesioko berriena– eta Aozarazako Mikel hirugarrena. Haren ondoren doaz: Ama Sortzez Garbia, San Isidro, San Martin, San Roke, San Krispin eta Krispiano, San Juan Bataiatzailea, San Jose, San Sebastian, San Migel Goiaingerua, Errosarioko Ama eta Pragako Jesus haurra. Prozesioko azken irudia San Frantzisko da.

Domekan euria egiten badu, parrokia barruan egingo dute prozesioa, joan den urtean gertatu zen moduan, eta han ere errespetatuko da irudien ordena. Irudiekin batera joango dira hamabi apostoluak, sei alde banatan, eta tarte horretan joango dira San Migel –parpaila berriak izango ditu aurten–, Maria eta Kristoa. Dantzariek, txistulariek, bandakoek eta beste parte-hartzaileek ere euren egoteko tokia eta momentua dute prozesioan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak