San Migel Goiaingerua zaharberritu du Xabi Mendizabalek

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko mai. 31a, 19:00

Xabi Mendizabal, San Migel Goiaingeruaren irudia zaharberritzen.

XIX. mendeko egurrezko irudia da San Migel Goiaingeruarena, eta Xabi Mendizabal zaharberritzaile oñatiarrak egin ditu zaharberritze lanak, Zubillagako tailerrean. Apurtuta zeukan ezpata konpondu dio eta bestelako lan batzuk ere egin dizkio.

San Migel Goiaingeruaren irudia Corpus egunean ateratzeaz gain, Oñatiko San Migel patroiaren egunean ere –irailaren 29an– ateratzen dute kalera. Iazko irailaren 29an ezpata apurtu zitzaion, eta Corpusetako kofradiakoek ezpataren lotura hobetu nahi izan dute –zatitan apurtuta gelditu zelako–, eta, hori konpondu behar zenez, irudian ageri diren aingeruaren eta deabruaren arteko lotura ere konpondu nahi izan dute, solte samar zegoelako.

Orain arte, Gasteizko Croma enpresak egin izan ditu Oñatiko irudien zaharberritze lanak, baina oraingoan, kontuan izanda Xabi Mendizabal oñatiarra herrian dagoela eta zaharberritzailea dela, harengana jo zuten. Hala, hark egin ditu irudiaren zaharberritze lan guztiak, Zubillagako tailerrean.

Mendizabalek dio San Migel Goiaingeruaren irudia tamaina errealean egiteko eskaria Udalak egin zuela bere garaian, herriko patroiaren irudi bat nahi zuelako, eta ez dakitela zehazki nork egin zuen, baina egurrez egindako XIX. mendeko irudi bat dela zehaztu du. Gaineratu du ez dela oso baliotsua eta askotan gainetik pintatu izan dela, denborarekin irten zaizkion inperfekzioak zuzentzeko.

Egindako lanak

Martxotik apirilera bitartean izan da irudia Mendizabalek horretarako zehazki egokituta duen Zubillagako tailerrean, eta hainbat lan egin dizkio: "Hasteko, hainbat zatitan apurtuta zegoen ezpata konpontzeko eskaera jaso nuen, eta, horrez gain, aingeruaren eta deabruaren arteko lotura ere hobetu diot. Bestelako pieza asko ere solte zeuden, esaterako, behatzak eta hegoen zatiak, eta horiek ere bere lekuan jarri ditut. Baina ez hori bakarrik, polikromian edo pinturan zeuzkan galera guztiak ere berregin ditut. Irudia sortzerakoan erabili zen teknika bera jarraituaz egin dut lan hori: urreztatuta egin dut. Urre eta zilar-xaflak jarri dizkiot". Artistak Londresen ikasi zuen teknika hori; han asko erabili zuen, gainera, eta hori aplikatu du San Migel Goiaingeruaren irudian ere.

Gaineratu du irudian ez dela alde nabarmenik lehen nola zegoen ikusita eta oraingoarekin alderatuta, baina bai lortu duela guztia ondo osatuta gelditzea.

Aurrera begira irudian beste lan batzuk ere egin daitezkeela azaldu du: "Lanean nenbilela bai konturatu naiz birpintatuta dagoela. Normala da urteak pasa ahala irudi hauek gainetik pintatzea, zaharberritzaile batengana jo gabe. Baina ikusi dut birpintatuta dauden zati batzuen azpian badagoela polikromia edo pintura polita; orduan, kofradiakoei proposatu nien San Migel jaiak pasata tailerrera ekartzeko berriro beste zaharberritze bat egin ahal izateko irudiari".

Urtean zehar Santa Ana antzokian egoten da gordeta irudia, eta bertako baldintzetara moldatu behar izan du tailerra Mendizabalek, baina zehaztu du ez duela aldaketa handirik egin beharrik izan eta egonkor egon dela haren tailerrean.

Pozik egindakoarekin

Oñatiarrak dio oso pozik dagoela egindako lanarekin: "Oso emozionantea izan da txikitatik ikusi izan dudan santu bat nire tailerrean izatea. Izan ere, Londresen egon naiz, Ingalaterran, beste hainbat lekutan... eta gauza asko egin ditut, baina, azkenean, bertako gauzak dauzkazunean oso espeziala da; batez ere, Oñatiko patroia delako eta betidanik izan dudan nire ilusio horretan egon delako. Nire buruko amets horiek zaharberritzeko aukera izan dut eta horrelako bat nire etxean egotea bakarrik oso emozionantea da".

Corpus jaiak, bereziak

Modu oso berezian bizi ditu, gainera, egun hauek Oñatiko artistak: "Nire izaeran inpaktu handia dute txikitatik Corpus jaiek; izan ere, Corpusek sortu didate irudiekiko nire atrakzioa edo lilura. Bai erraldoiek eta bai santuek dutena da hori, mugimenduarekin bizia hartzen dutela. Espektakulu teatral horrek asko markatu nau".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak