Corpus eguna barrutik biziko du, beste urte batez, Oñatzeko dantzari ohi Julen Kortabarriak. Aurrez, 13 urtean irten izan da prozesioan dantzari, eta aurten, laugarrenez jantziko da San Migel. Bi urtean behin, txandaka, irteten dira Kortabarria eta Ibai Gonzalez San Migeli bizia ematen. Eta aurtengo prestaketa lan guztiak egin dituzte dagoeneko.
Izan ere, duela gutxi, Corpusetako materiala gordetzen duten Santa Ana komentuan izan zen Kortabarria, San Migelen arropak eta 30 kilo pasako armadura probatzen. Guztia haren neurrira jarri zuten, domekan Santa Ana antzokian jendaurrean janzteko dena prest izateko. San Migeli janzten laguntzen izaten dira Marilo Unzurrunzaga eta Mirari Zilaurren, eta nabarmendu dute zailena dela armadura gorputzera ondo egokitzea. Kortabarriak gaineratu du, batez ere, kaskoa ondo lotuta izatea dela garrantzitsuena: "Armadura baino gehiago, garrantzitsua da kaskoa ondo lotuta izatea, batez ere, San Migelek buelta eman behar izaten dituen momentu horietan, ezer ez mugitzeko. Kaskoak berak pisu handia dauka, eta bueltako momentua izaten da konplikatuena. Kaskoa ondo lotuta baldin badago, ez da inongo arazo edo konplikaziorik egoten".
Jendaurrean janzten
Prozesio aurretik, Santa Ana antzokian herritarrek aukera izaten dute ikusteko apostoluak, Jesus eta San Migel nola janzten diren eta nola jartzen zaizkien guztiei maskarak eta aurrez Maribi Korkostegik ondo orraztutako ileordeak. Aurten, San Migelek, gainera, paparrerako bordatu berriak izango dituen parpailak estreinatuko ditu. "Beste atrakzio bat da une hori. Polita izaten da eta ulertzen dut sekula ikusi ez duenak edo Corpusen berri jakin nahi duenak ikusi gura izatea", adierazi du Kortabarriak.
Mariaren pertsonaian
Aurten, hirugarren urtez arituko da orri honetako argazkian San Migel janzten makurtuta azaltzen den Zilaurren, San Migel janzteko lanetan, eta beste zeregin garrantzitsu bat ere izango du oraingoan; izan ere, prozesioan, apostoluen erdian eta San Migelen atzetik joaten den Maria pertsonaiaren paperean irtengo da lehendabizikoz. Hark ez du maskararik-eta eramaten, eskularru zuriak eta makila luze bat eramaten ditu eskuan, haren gainean ama birjinaren medailoi bat daramana. Zilaurrenentzat oso berezia izango da domekako eguna: "Aitarentzat Corpus eguna garrantzitsua zen, urte askoan irten zen apostolu, eta harendako oso-oso egun inportantea zen, urteko garrantzitsuena. Hil zenean, ama sartu zen kofrade, baina inoiz ez zen prozesioan atera. Gero, niri eskaini zidaten eta baiezkoa eman nuen. Azken bi urteetan kapa beltzarekin irten izan naiz kofrade prozesioan, eta aurten, Mariaren paperean estreinatuko naiz. Kofrade irten nintzen lehenengo urtean ere barruak buelta eman zidan, eta domekan ere barruak mugituko zaizkit eta aita izango dut gogoan, gogoratzen txikitan nola bizi izaten genuen egun hau etxean".
Egun berezia
Bai Kortabarriarentzat eta baita Zilaurrenentzat ere egun berezia izango da domekakoa. "Egia esan, momentuz, nahiko lasai nago, urte askoan irten izan naizelako prozesioan. Alabari esaten bagabiltza nola irtengo naizen, eta apur bat imajinatzen du. Eta familian ere, amarentzat, esaterako, egun berezia da. Dantzari ibilitako urteetan arropekin bera arduratzen zen, eta pentsatzen dut etxekoek ilusioz biziko dutela", dio Kortabarriak. Zilaurren ere gogotsu dago domekarako: "Ama antzuolarra zen eta ohitura zuen egun honetan haren familiakoak gure etxera bazkaltzera gonbidatzeko. Urtero izaten genuen etxea jendez beteta, eta gaur egun ere ohitura hori mantendu egiten dut eta etxera etorriko dira Antzuolako familiartekoak guztiok batera bazkaltzeko".