Duela bi urte, 2022an, jarri zuten Emakumion Etxia Eraikitzen izeneko parte-hartze prozesua. Eta tarte honetan hainbat lan egin dituzte: beste eredu batzuk ikusi, Oñatikoak izango dituen oinarri teorikoak finkatu, beharko lituzkeen espazioak definitu, berrantolaketa nola egin adostu, nola eta nork erabiliko duen zehaztu... Espazioaren helburuak eta erabilera finkatzen ibili dira ordutik, talde irekietan batuta, eta egindako lanketa herritarrei erakutsi diete bilera irekian.
Etxearen lanak bigarren fasean
Emakumion Etxiaren oinarriak, balioak, jarduna, kudeaketa eredua eta antolaketa sistema adosten joan diren heinean, paraleloan, Kale Zaharreko 13. zenbakian dagoen hiru solairuko eraikina bera txukuntzen, konpontzen eta moldatzen ibili dira. Bigarren fase baten daude sartuta lan horiek: etxearen barne banaketa eta eraginkortasun energetikorako lanak egingo dituzte eta Itziar Zelaia arkitekto oñatiarrak idatziko du proiektua, lehen fasekoa egin zuen bezala.
Uztailera bitartean, hiru hilabeteko epean, idatziko dute bigarren faseko proiektua, eta udazkenean hasiko lirateke lanak. Obrek, gutxi gorabehera, urtebete iraungo dutelakoan daude, eta tarte horretan parte-hartze prozesua ez da geldi egongo. Lantaldeak sortuko baitituzte esan moduan, eraikina zabaltzen denean funtzionamenduan hasteko moduan egon dadin.
Lanketan parte hartzeko gonbidapena
Batzuk oso gertutik jarraitu dute orain artean egindako parte-hartze prozesu guztia, beste batzuk, berriz ez dute kontua hain barrutik bizi izan, baina jakinarazi dute orain artean bezala, hemendik aurrera ere emakume guztiak daudela gonbidatuta lanketan parte hartzera.
Espero dute 2025 urte bukaera aldera etxea irekitzearen hurrengo urrats horretara oso gertu egotea.