Oñatiko Elkar Hezi ikastetxea Etikasi programako irabazle izan da

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko mai. 29a, 14:47

Ikasleek Poloniara bidaia bat irabazi dute, Auschwitz ezagutu dezaten; ekainean joango dira hara, baina aurrez formazio saio batzuk izango dituzte, han topatuko dutenaz hausnartu eta kontzientziatu daitezen.

Oñatiko Elkar Hezi ikastetxea Etikasi programako irabazlea izan da. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak antolatzen du, eta helburu du etikari eta giza eskubideei buruz ikastea. Aurten 49 ikastetxe aritu dira lehian, eta Elkar Heziko batxilergoko lehenengo mailako ikasleek ekainean Poloniara bidaia hezigarria irabazi dute, Gernika 2024 izeneko ikus-entzunezkoarekin.

Hain justu, bideo irabazle horretan Pablo Picassoren Gernika margolana hartu dute oinarri, eta bederatzi zatitan banatuta, bederatzi giza eskubide landu dituzte: "Lehenengo egin genuen giza eskubideekin lotuta dituen zatiak begiratu, eta zati bakoitzari egin genion ikerketa txiki bat eta horri buruzko informazioa batu, eta behin informazioa batuta, bideoa sortu genuen horrekin guztiarekin, dena bateratuta", adierazi du Uxue Igartuak, Etikasiko irabazleak.

Teknologiaren erabilera gaur egun, intimitateen bortxaketa, emakumeenganako biolentzia eta bestelako gai batzuk landu dituzte bideoan, gaur egungo munduaren gatazkak eta errealitateak oinarri hartuta, Maddi Atorrasagasti Etikasiko irabazlearen hitzetan: "Denok dakigu horiek pasatzen direla, baina sekula ez gara jartzen pentsatzen benetan pasatzen direla eta nola pasatzen diren, eta horrek eguneroko bizitzan nola eragiten duen. Eta nik uste dut horrek lagundu digula hortaz konturatzen, eta analizatzen benetan nola gertatzen den".

Antolatzaileen hitza

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko kideek ere "modu positiboan" baloratu dute Elkar Hezikoek eginiko lana, Ainhoa Gomez Bake eta Hezkidetza teknikariaren hitzetan: "Batetik, hausnarketa globala egin dute, baina baita lokala ere; horrez gain, produkzio aldetik bideoak izugarrizko lana erakutsi du, baina, horrez gain, giza eskubideen aspektu asko jorratu dituzte. Ez dira gelditu bakarrik elementu historikoetan edo azalekotan, baizik eta atzetik sekulako hausnarketa egin dute eta gai asko jorratu dituzte oso modu argian".

Hala, ekainaren 17an, Krakoviara, Auschwitzera, egingo duten bidaia irabazi dute, eta horrekin pertsonalki gizateriak bizi izandako sarraskirik latzenetarikoa ezagutzeko aukera izango dute ikasleek, egungo mundua beste begirada batez ulertzeko bidea eskainiz. Ikasleak, beraz, "oso pozik" daude sariarekin: "Denbora behar izan dugu proiektu hau egiteko, eta gustura hartu dugu hara joateko notizia. Azken finean, hara goaz lagunartean egotera, baina egin behar duguna benetan da han gertatu zena ezagutu eta gehiago ikasi", azaldu du Irati Apaolazak.

Bidaia hori egin aurretik, ordea, formakuntza tailer batzuk jasotzen ari dira han ikusiko dutena aurretik aztertzeko; are gehiago, bidaian bertan ere formazio saioak izango dituzte, Ainhoa Azkarate Baketik-eko Bake eta Bizikidetza teknikariaren arabera: "Beraiek ere pixka bat izan dezaten buruan ordenatuta zer gertatu den, zer ikusiko duten, horrek zer esan nahi duen... eta bertara iristen direnean ere lanketa bat egingo dute terrenoan. Baina, esandakoa: izan dezatela kontzientzia, jakin dezatela nola portatu leku horretan".

Irailean, azkenik, itxiera saio bat izango dute bizi izandako guztia barneratzen laguntzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak