"Aurretik zuen lanpostu finkoa utzi eta Oñatiko Udalean lanean hasi eta hilabetera kaleratze desegokiari aurre egin behar izateagatik" adierazi diote elkartasuna. Eta EH Bilduren Udal Gobernuari buruz esan dute ez duela "inolako arretarik eta begirunerik" agertu langile horrekiko: "EH Bilduren Udal Gobernua, beti bere burua alderdi ezkertiartzat duena eta beti langileen ondoan egotea aldarrikatzen duena, kasu honetan, ez da langilearen alboan egon. Izan ere, Eibarko epaitegian demanda jarri baino lehen, kaleratutako langileak erreklamazioa aurkeztu zuen Oñatiko Udalean; EH Bilduren Udal Gobernuak ez dio erreklamazioari erantzun ere egin. Halaxe adierazi du EAEko Auzitegi Gorenak bere epaian, aurrekarietan (9. puntua)".
"Gardentasun eza"
Kaleratzearen judizializazioaren inguruko informazioa komunikabideen bidez jakin dutela ere salatu du EAJren udal taldeak: "EH Bilduren Udal Gobernuak ez digu inolako informaziorik eman garrantzitsuak izan diren gertaera hauen inguruan: Oñatiko Udalari kaleratze desegokiagatik jarritako auzia; Eibarko epaitegiak emandako epaiaren egoera zertan egon den; edota Oñatiko Udalak EAEko Auzitegi Nagusian helegitea aurkezteko hartutako erabakia". Eta horri gehitu diote: "Argitu nahi dugu, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak epaia eman ondoren komunikabideetan argitaratutako balorazioa ez dela Oñatiko udal korporazio osoaren balorazioa, baizik eta EH Bilduren Udal Gobernuarena".
"Oñatiko Udalaren diru-kutxaren kaltetan"
Azkenik, kezkagarritzat eta desegokitzat jo dute 2018. urtean Oñatiko Udalak antolatu zuen hautaketa-prozesuaren espedientearen kudeaketa; alegia, kaleratutako langilea kontratatzeko erabilitako espedientearena: "Kudeaketa desegoki horrek eragin du, hain zuzen ere, 'kontratazio-akats' tamalgarria eta, horren guztiaren ondorioz, langilea kaleratzea eta itzelezko kalte-ordaina ordaindu behar izatea, Oñatiko Udalaren diru-kutxaren kaltetan".