Olabarrietako auzotarren lehengo bizimodua jaso du Ander Lizarraldek Olabartarrak izeneko liburuan. Orduko soroetan zer landatzen zuten, ezkontzak nola ospatzen zituzten, eskolako kontuak... Auzotarrek utzitako argazki zahar asko datoz liburuan, eurei egindako elkarrizketetan jasotako testigantzekin batera.
Maletatxoarekin eskolara
Astelehenean Olabarrietako elkartean auzotarrekin batera egindako txokolate-janean egin zuten liburuaren aurkezpena. Han elkartu ziren proiektuan parte hartu duten asko, eta tertulian aritu ziren liburua esku artean zutela, han jasotakoak elkarbanatuz eta oroitzapen berriak ere partekatuz.
Eskolarako joan-etorriak zituen gogoan, esaterako, Imittola baserriko Juli Arregik: "Morraxeneko etxe kontran zegoen eskolara etortzen ginen gu, hiru lagun, hirurok adin berekoak: Kortabarrikoa, Sustiabekoa eta neu. Mendittarrak esan ziguten guri. Maletatxo batekin etortzen ginen, Urraukuan uzten genuen, eta eskolatik irtendakoan, eguerdian, maletatxoa hartu eta jan egiten genuen, hotza". Orduko umeek nagusien lanak egiten zituztela dago konturatuta, berriz, Basazabalgo Carmen Markuleta, baina gustura bizi izan zirela dio: "Gu lehen genuenarekin ere gustura bizi ginen. Hori bai, egun guztiak antzerakoak ziren: soroan, ardi-zain... Eskolara ahal genuenean bakarrik joaten ginen; orduan, beti zegoen lana umeendako ere etxean".
Araoztar gutxi Olabarrietan
Auzoko etxe guztietan jo du atea Lizarraldek argazkiak jasotzeko, eta adinez nagusiak diren auzotarrei elkarrizketak egin dizkie, lehengo Olabarrieta nolakoa zen erakusteko. "Hainbat gaitan banatuta dago liburua. Argazkiek lagundu didate lehengo bizimodua nolakoa zen kontatzen. Detaile txikietan ikusten da, esaterako, ezkontzak etxean egiten zirela, edo nortzuekin ezkontzen ziren hemengo bizilagunak: gehienak, Berezaokoekin eta Murgiakoekin; araoztarrik, apenas. Ibilgailuen aurreko garaiak ziren, eta Oñatik beste dimentsio bat zuen, bergararrekin ezkontzak egon arren".