Caritas Gipuzkoaren Taupagunea ekimenak Oñatin egingo du geldialdia datorren astean. Corpus egunaren astea aprobetxatu dute horretarako, eta Oñati aukeratu dute, Caritas Gipuzkoako delegatu Patxi Aizpitarteren esanetan, herri horretan festa egun handia izaten delako Gipuzkoa mailan. Lehenengoz Taupagunea Donostian egin zuten abenduan.
Aizpitartek ekimenaren helburuak azaldu ditu Taupagunea hitza bera oinarri hartuta: "Taupada, sentsibilizaziorako lekua izan nahi duelako, inguruan ditugun errealitate desberdinak ikusarazteko, baita entitateak pobrezia eta bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonei laguntzeko egiten duen lana ere. Eta gunea. Taupagunea, batez ere, herritarrekiko topagunea eta elkarrizketarako lekua delako".
Bost eguneko egitaraua
Bost egun horietan zehar hainbat proiektu bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da. Etxerik Gabeko Pertsonen Saila, Emakumeei Arreta integrala eskaintzen dieten Miriam programa nahiz Bihotzdun Enpresa ekimena hurbilduko dituzte herritarrengana. Bertatik pasako dira, baita ere Bidean, Bidebarri nahiz Elkarzabal zentro programak. Oñatiko abesbatzak inaugurazioan nahiz beste zenbait artistek hurrengo egunetan egingo dituzte emanaldiak. Helduek ez ezik, ikasleek ere jarraituko dute ekimena bertatik bertara.
Honakoa da egitaraua:
Maiatzak 27, astelehena: Miriam programa
- 11:30 Inaugurazioa
- 17:00-19:30 Miriam programarekin tailerrak
Maiatzak 28, martitzena: Etxerik gabeko pertsonak
- 10:30-13:00 Tailerrak ikastetxeekin
- 17:00-19:30 Kale-emanaldia
Maiatzak 29, eguaztena: Bihotzdun enpresak
- 10:30-13:00 Enpresa languntzaileei esker-ona. Bidean, Bidebarri eta Elkarzabal
Maiatzak 30, eguena: Corpus Eguna
- 17:00-19:30 Caritas Gipuzkoa
Maiatzak 31, egubakoitza: Boluntariotza
- 10:30-13:00 Caritas, CEAR, Gurutze Gorria eta Erretiratuen elkarteak
- 17:00-19:30 Agurra Potx magoarekin
Caritas Debagoienean
Prentsaurrekoa Debagoieneko datuak emateko baliatu dute. Caritas Gipuzkoa Debagoieneko herri guztietako parrokietan dago eta azpimarratu dutenez 2023. urtean 2.368 laguni eskaini zioten akonpainamendua, 864 familiari. Horretarako, 43 boluntarioen laguntza izan dute, eta Caritas Gipuzkoak 143.412 euro bideratu zituen eskualdeko programetara.
Oñatin, berriz, 196 pertsona artatu dituzte; denera, 138 familia eta sei pertsona aritzen dira boluntario lanean. Adierazi dute 30.000 euroko inbertsioa egin dutela Oñatin.