Kepa Diegez: "Hiztegiaren arkitektoak ziren gure arbasoak"

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko mai. 20a, 18:48

Kepa Diegez Barahona. (Argazkia: Alberdania).

Euskal Herrian zehar eguraldiari lotuta dauden berbak jaso ditu liburu batean; tartean, Oñatikoak. Horiei buruz jardungo du bihar, martitzena, liburutegiak gonbidatuta.

Eguraldiaren euskara. Aro-bidaia Euskal herrian barrena liburuarekin izango da Kepa Diegez Barahona (Bilbo, 1960) idazlea martitzenean zinema-aretoan, 19:00etan. Euskal Herriko 99 herritan eguraldiari lotuta dituzten hitzak daude liburu horretan. Oñatikoak ere jaso ditu, eta horien inguruan egin gura du berba herritarrekin aurkezpenean.

Zergatik edo nola hasi zinen hitz horiek batzen?

Berben eta kulturaren arteko lotura ikaragarria da eta iruditzen zait eguraldiaren lexikoa dela kultura ondoren islatzen duen elementuetako bat. Eta berbak erabili egin behar dira. Kultura bultzatzeko gauza asko egiten dira; bada, berbak erabiltzea ere bada kultura mantentzea.

Zenbat hitz bildu dituzu?

Ikaragarri oparoa da eguraldiaren gaia eta mordo bat pilatu ditut. Liburuan, guztira, 1.100 inguru jaso ditut.

Oñatikoak daude tartean; zelan egin duzu berbak jasotzeko lana?

Oñatikoa, esaterako, Kandido Izagirreren hiztegia eskuetan hartuta egin dut. Aberatsenetakoa da, egia esan. Oñatik badu bere presentzia liburuan, bai. Adibidez, kuku-izerdia dator jasota liburuan. Txori alferra da kukua, eta hitz horrek esan gura du ez duela euri askorik egin. Azaixa bustitteko eurixa esamoldea ere badator. Azeriak ez du ura, euria, maite, eta hura bustitzeko moduan euria egiten duenean, xehe egin duela esateko erabili izan da. Eguraldiaren hizkuntza oso poetikoa da, benetan ere.

Behaketa eta sormena, beraz, berba askoren zergatian?

Hiztegiaren arkitektoak izan ziren gure arbasoak. Hitz batzuek beste batzuek baino arrakasta eta erabilera handiagoa izan dute; komunitatean onartuak izan direnak, alegia. Sormena eta onarpena dago berben atzean.

Getxon hasten da liburua eta Eskiulan bukatu; errepikatu ere egingo dira hitzak herri batean eta bestean, ezta?

Aro-bidaiari bat dago liburuan herriz herri dabilena, eta konturatzen da horrekin, bai, errepikapenak ere ikusten ditu. Fenomeno batzuen inguruan jarraikortasuna duten hitzak daudela ikusten du.

Zein da aro-bidaiari hori?

Liburua irakurrita jakingo da hori. Lan hau saiakera da, batetik, baina saiakera eleberritua. Hau da, istorio bat ere kontatzen du, bere protagonista duena. Eta aro-bidaiari hori dabil Euskal Herriko herri batetik bestera. Askotan, haizeak lagunduta, haizeak darama, sarri, toki batera edo bestera.

Eleberri baten moduan irakurri behar da, orduan, liburua?

Hori da aukera bat. Baina batutako hitzen aurkibidea ere badakar, eta hori kontsultatuz ere irakur daiteke: hitz bat bilatu, zein herri edo eskualdetan esaten den eta ze erabilera duen ikusi... Ondorio antropologikoak ere atera daitezke liburua irakurrita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak