Oñatiko Parrokiako kanpandorrearen historia jasota geratu da Joxe Ramon Arrazolaren azken liburuan

Miren Arregi Amasorrain 2024ko api. 27a, 17:07

Duela 240 urte bukatu ziren Oñatiko San Migel Parrokiako kanpandorrea eraikitzeko lanak. Bost urtez luzatu ziren, 1779an hasi baitziren eta 1784an bukatu. Elizaren azken eraikuntza da (neoklasikoa), sarrera nagusiarekin (barrokoa) batera. Joxe Ramon Arrazolak Oñatiko kanpandorrearen historia jaso du liburuan eta gaur aurkeztu du lagunez eta senitartekoz inguratuta, San Migel Parrokiako sakristian.

Urtetako lanak eman du fruitua eta gaur aurkeztu du liburua, Oñatiko San Migel Parrokiako sakristian. Pozik dago emaitzarekin, oso pozik. "Hasiera ilusio handiz gogoratzen dut, bukaera gogorragoa egin zait. Bibliografia eta erreferentzia guztiak idatzi, maketazioa, inprenta... Azken etapa hori luze egiten da, baina, oso pozik nago", azaldu du Joxe Ramon Arrazolak.

Helburu edo asmo batekin osatu du liburua Arrazolak. "Ikaragarria da, duela 240 urte, garai hartako tresna eta aparatuekin, zela jasotzen zituzten harri horiek 52 metroko alturaraino. Eta bobeda eta kupula horiek egiteak zuen meritua. Ez hori bakarrik, mantentze lan gogorrak egin baitira urte hauetan guztietan eta geroz eta premia handiagoa egongo da, kutsadurarekin harria gehiago hondatzen baita".

Informazio askotarikoa

Baina Arrazolak kontu eta kuriositate asko jaso ditu liburuan. Nortzuk izan ziren kanpandorrearen sustatzaileak, eraikuntza garai desberdinak eta kutsu arkitektoniko desberdinak, kanpandorrerako sarbideen historia, parrokian egin behar izan ziren aldaketak kanpandorrea eraikitzeko, zimendatze sistema, hormagintza, harriak nondik ekarri ziren, zenbat gurdikada erabili ziren horretarako, harginak zeintzuk izan ziren edo langileek egunean zenbat erreal kobratzen zuten.

Dokumentazio era ikerketa lan ikaragarria egin du horretarako. Ibili da artxibo batetik bestera eta bisitatu ditu inguruko mendiak, garai hartako harrobi bila, besteak beste. "Artxiboko lanean oso pozik ibiltzen naiz, hori da nire eremua, hor eroso ibiltzen naiz eta harrobia ikusten ere ikaragarri entretenituta ibili naiz hor", azaldu du.

Liburua Oñatiko artxiboan egongo da eskuragarri, 40 euroren truke.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak