Emakume arkeologoak protagonista aurten

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko api. 18a, 12:22

Hirugarren urtez ari dira arkeotopaketak egiten Sancti Spiritus unibertsitatean, eta aurten genero ikuspegitik landu nahi izan dute gaia, Emakumeak eta arkeologia: atzo, gaur eta bihar izenburupean. Hainbat txokotatik etorritako ikerlariak batu dira.

Hirugarrenez ari dira ospatzen arkeotopaketak Oñatin. Udalak EHUko Historiako taldearekin daukan hitzarmenaren ondorio dira eta horien helburua da arkeologiako eta paleontologiako ondare horren inguruko saretze bat egitea, informazioa partekatzeko eta hori guztia gizarteratzeko. Atzo hasi eta bihar arte iraungo dute.

Emakumeek egindako lana

Aurten, emakume arkeologoak dira protagonista, eta haien iragana, oraina eta etorkizuna aztertzen ari dira. Oñatiko Unibertsitatea arkeotopaketen zuzendari Alvaro Arrizabalagak adierazi du historiako arlo guztietan bezala historiaurreko arkeologia espezialitatean ere saiatzen ari direla geroz eta sarriago genero ikuspegia txertatzen: "Aztertu nahi dugu zer-nolako lekua, zer-nolako papera betetzen duten emakumeek betidanik, historiaurrean ere bai; izan ere, hori ere arkeologikoki izan da pixka bat ukatua edo isildua. Beste alde batetik, aztertu nahi dugu baita ere nola joan diren sartzen historiografikoki arkeologo emakumeak diskurtso orokorrean, eta etorkizunera begira jarri nahi dugu, ikusteko nolako perspektibak etorriko diren halako aldaketekin".

Gaineratu du arlo horretan ere oraindik ez dela iritsi berdintasuna, eta, nahiz eta asko aurreratu den, oraindik asko gelditzen dela egiteko datozen urteotan. Baina, esaterako, arkeotopaketa horiek lagunduko dutela arlo horretan bidea egiten. Izan ere, hainbat txokotatik etorritako arkeologoak batu dira aurten ere Oñatin: Granadatik, Valentziatik, Kataluniatik, Kantabriatik, Gaztelatik, Madrildik… etorri dira ikerlari garrantzitsuenak genero ikuspegia lantzera.

Sareak sortu eta indartu

Ikerlariak Oñatin batzeak euren arteko sareak sortu eta indartzen lagunduko die. Izan ere, hainbat aurkezpen zientifiko izan dituzte egunotan; Irunen dagoen Oiasso museoko Gipuzkoako emakume arkeologoen inguruko erakusketa ikusten ere izango dira; eta Oñati ere bisitatu dute, besteak beste.

Oñatiko alkate Izaro Elorza irekiera ekitaldian izan zen arkeologoei ongietorria egiten, eta pozik dago arkeotopaketa horiek ematen ari diren emaitzarekin. "Ikusten ari gara urtez urte emaitza oso positiboak ematen dabilela, eta pozik gaude hirugarren hauetan emakumeei protagonismoa ematearekin", adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak