Fagorreko showroom-ean egin zen XIX. Aloñako Igoeraren aurkezpena. Izan ere, Fagor Professional izango da probaren babesle nagusia. Eta, hein handi batean, babesletza horrek ekarri ditu aurtengo bi berrikuntza nagusiak. Proba zuzenean emango du Evasion TV-ek Streaming bidez. EITB ere batu da proiektura, eta bere lehenengo katean zuzenean emango du proba. "Hasi ginenean pentsaezina zen hau guztia. Baina, Salomonek emandako babesak beste pausu batzuk ekarri ditu. Oihartzuna emango digu, eta edonork ikusi ahalko dugu lasterketa, telebista bidez. Dena den, guk oso garbi daukagu zein den lasterketa honen esentzia. Badakigu nondik gatozen, zer garen eta zer nahi dugun", esan zuen Pablo Arejolaleibak.
Eta, hain zuzen ere Aloñako Igoerak duen xarma eta esentzia izan dira Salomonek aintzat hartu dituen ezaugarrietako batzuk. Halaxe esan zuen Salomon etxeko ordezkari Biel Rafolsek. "Probaren antolakuntza, herri mailako giroa, ibilbidearen paisaia, profila... Dena gustatu zitzaigun. Baina, bereziki, herritik herriarentzat egindako proba izatea. Deabruaren figura ere asko gustatu zitzaigun. Eta, noski, zeresan handia izan zuen Malen Osak berak, etxeko probari buruz esandakoak".
Ordu erdi beranduago
Ibilbidean ez dago aldaketarik, baina proba ordu erdi beranduago hasiko da: 09:30ean, hain justu ere. Aldaketa horretan eragina izan dute zuzeneko emanaldiek, baina baita ere, korrikalarien iritziek. "Iaz, lehen aldiz, inkesta bidali genien korrikalariei, proba bukatu ostean. Erantzun mordoa jaso genituen. Egiten zizkiguten eskaeren artean bazegoen hasiera ordua atzeratzearena. Bereziki, kanpotik datozen korrikalarien aldetik.
Korrikalarien beste kezka bat izan da ibilbidearen azken metroak asfaltoan egin beharra. "Oso nekeza da mendian horrenbeste denbora korrika egin ostean, asfaltora salto egitea. Beti esan izan digute asfalto gehiagi dagoela, eta hori kentzeko lanetan gabiltza. Asfaltoa kendu eta zelaia sartu. Baina, horretarako, inguru haietako baserritarrekin hartu emanetan gabiltza. Ea beraien zelaietatik pasatzeko baimena lortzen dugun".
Oñatiarrak, 111
Antolatzaileek 100 dortsal ipini dituzte urtero oñatiarren eskura. Aurten, lehen aldiz, kopuru hori gainditu egingo dute. Izan ere, 111 oñatiarrek eman dute izena etxeko probarako: 100 gizonezkoak eta hamaika emakumezkoak.
Izena eman dutenen artean, beste 61 dira bailarakoak: 55 gizonezkoak eta 6 emakumezkoak. Herrika honela banatzen dira: Bergarakoak 20, Arrasatekoak 27, Aretxabeletakoak zortzi, eta Eskoriatza eta Antzuolakoak, hiruna.
Izen propioak
Golden Trail National Series zirkuituaren baitan kokatutako proba izanik, hilaren 28an, Euskal Herritik kanpoko punta-puntako korrikalari mordoa egongo da Oñatin. Zirkuitu hori irabazteko lehian egongo direnak. Besteak beste, Maria Benito, June Villaroel, Nuria Llanso eta Irati Azkargorta; eta Fabian Venero, Pablo Bautista, Marcos Villamuera eta Bruno Silva.
Horiekin lehian egongo dira, bailarako korrikalari onenak. Dagoeneko baieztatu dute Foruen plazako irteeran egongo direla Aitor Ajuriak, Walter Becerrak, Anartz Artolak, Gontzak Murgoitiok, Ibai Larreak eta Xabi Letek; eta Oihana Kortazarrek, Lide Urrestarazuk, Garazi Abasolok eta Ainara Uribarrik.
Aloña Txiki
Elite mailako korrikalariak kresterioan dabiltzan bitartean, etorkizuneko korrikalari izango diren neska-mutikoek Aloña Txiki egiteko aukera izango dute. 10:30ean hasita, adinka banatuta, deabruaren atzetik ibiliko dira. Egindako lana saritzeko, korrikalari guztiek izango dute saria: kamiseta eta domina.
Azken horiek gainera, oso bereziak dira aurten. Egurrezkoak, eta denboraren arabera, izen ezberdinarekin: lasterketa nagusia bi ordu eta erdi baino gutxiago egiten dutenek Lucifer domina jasoko dute; bi ordu eta erdi eta hiru ordu artekoendako Satanas domina egongo da; eta hiru ordutik gorakoendako, Belcegor domina.
Autobus zerbitzua
Oñati-Arantzazu ibilbidea egiten duen autobus zerbitzuak geldialdia egingo du Urtiagainen, lasterketa egunean. Hala, garraio publikoa erabiltzeko aholkua egin dute antolatzaileek, eta autoak ahalik eta gutxien erabiltzeko gomendatu dute.