Malen Ugartek gidatuta, hainbat gai izan ditu hizpide Iriartek, besteak beste, nazio eta gizarte askapena. "Hori gai zentrala da guretzat. Askotan aipatu ere ez dugu egiten, hain zuzen, guk nazio ikuspuntu batetik hitz egiten dugulako eta, noski, gure proposamenak Euskal Herri guztirako dira. Horregatik egiten dugu lan eskutik Euskal Herria Bairekin ere. Nazio ikuspegitik esan behar dudana da herri bezala erabakiak hartzeko eta herri honek dituen erronken aurrean erantzunak emateko, nahi eta nahi ez, hemen erabaki behar dugula. Horretarako, nazio bezala erabakitzeko eskubidea izan behar dugu."
Testuinguru horretan, uste du "abagune interesgarri bat" ireki daitekeela Espainiako estatuan, hain zuzen ere, lurraldetasunaren inguruko eztabaidari bide emateko. "Aurretik ere Eusko Legebiltzarrean landutako oinarri eta printzipio batzuk badauzkagu, oraindik ere balio handia dutenak etorkizunera begira. Horiek abiapuntu izan daitezke Espainiarekin beste harreman bat izateko eta guk izan nahi dugun estatura bidean urratsak emateko, berdinetik berdinerako harreman bat izateko, gure erabakiak errespetatuak izan daitezen".
Pazientzia estrategikoaren garrantzia
Horren harira, pazientzia estrategikoa nabarmendu du. "Herri honek, honaino iristeko, urrats asko egin ditu, oso une zailetan, gainera, bai diktadura betean eta baita aurretik ere. Jakin izan du eraikitzen eta aurrera egiten, jakin izan du herri bezala funtzionatzen. Era berean, pazientzia ere izan du, baina ez da geldi egon", dio. "Beraz, pazientzia estrategikoarekin esan gura duguna da ez dugula antsietatearekin aritu behar, baizik eta edukietan oinarrituta. Herri honek dituen galderei erantzun berriak emanez eta sortzen ari diren galdera berriei erantzun berrituak emanez. Horrek pazientzia eskatzen du askotan, baina horrek ez du esan nahi amore ematen dugunik. Hori horrela, harilkatzen jarraituko dugu, armiarmak sarea egiten duen bezala".
EH Bildu Eusko Jaurlaritza gobernatzen ikusten duen galdetuta, zera erantzun du: "EH Bildu Gobernuan Ikusten dut. Geroz eta jende gehiagok egiten du bat mahai gainean dauden erronkei aurre egiteko guk proposatzen ditugun errezetekin. Esango nuke Euskal Herri osoan gertatzen ari dela hori, eta baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Herritarren gehiengo batek uste du ezkerretik eta feminismotik aritu behar garela, klima larrialdiari erantzun bat eman behar zaiola, euskaratik eta euskaraz".