Izaro Elortza: "Etxebizitza kopurua ez da arazoa; badaude eta bideratu egin behar dira"

Julen Murua Mesonero 2024ko mar. 15a, 18:30

Agintaldi berria "beste lasaitasun batekin" hasi duela aitortu du Izaro Elortzak (Oñati, 1983) Goiena telebistako Harira saioan; inbertsioez, komertzioaz eta turismoaz aritu da, besteak beste.

Berretsi egin zuen Oñatiko alkate kargua Izaro Elortzak (Oñati, 1983) azken udal hauteskundeetan, eta bigarren agintaldia "beste lasaitasun batekin" hasi dutela aitortu du, asteon, Goiena telebistako Harira saioan: "Aurreko Gobernu Taldea osatzen genuen bost kideei beste sei pertsona batu zaizkigu. Horrek, nolabait, jarraikortasun bat bermatzen du. Gure artean elkar ulertzen dugu eta helburu konkretuak elkarbanatzen ditugu".

Agintaldi berriko asmo nagusien gainean galdetuta, alkateak aipatu du "izaera ezberdineko proiektuak" egingo dituztela. "Batzuk epe motzekoak izango dira eta, agian, agintaldian ikusiko ditugu emaitzak; beste batzuk, berriz, epe luzerakoak dira eta hazitxo bat bakarrik landatu ahal izango dugu. Alor askotako proiektuak izango dira; besteak beste, berdintasunarekin, zaintza ereduarekin, osasun mentalarekin, emantzipazioarekin edota irisgarritasunarekin lotutakoak".

8,3 milioi inbertsioetarako

Inbertsioei dagokienez, 23,2 milioi euroko aurrekontu osotik 4,3 milioi euro bideratuko dira esparru horretara: "Nabarmentzekoa da horietatik 2,16 milioi euro bideratuko direla Next Generation funtsetara. Tartean daude Emakumeen Etxeko birgaitze lanak, Torreauzo eta Zañartu tarterako bidegorria egitea, aparkaleku disuasorioa edota Araotz eta Arantzazuko aparkalekuen monitorizazioa. Gainontzean, irisgarritasun lanekin aurrera jarraituko dugu. 4,3 milioi euro daude inbertsio ezberdinak bideratzeko, baina aurreko urteko likidazioa ere onartu da, eta aurreko urtetik datozen proiektu batzuk ere txertatu beharko dira. Orotara, aurrekontuko 4,3 milioi euroei beste 4 milioi inguru gehituko zaizkie; exekuzio handia izango dugu 2024an".

Next Generation Funtseko dirulaguntzetatik bideratutako proiektuak "2026. urterako bukatutzat" eman behar direla jakinarazi du alkateak, eta, beraz, "aurtengo urtea eta hurrengo urtea" izango dute proiektu horiek martxan jartzeko.

Irisgarritasun plana

Udalak urtero gordetzen du aurrekontuaren zati bat irisgarritasun lanetarako. Elortzak dio "fase bakoitzak aurrekontu handi bat" eskatzen duela, "300.000 euro" ingurukoa eta, horretarako, exekuzio proiektuak egiten dituztela "gune ezberdinetara heltzeko". Gaur egungo plan integralaren barruan Otadui zuhaiztian, Aita Madinan, Lizaur kalean eta Kale Zaharrean esku hartzea aurreikusten da: "Lehenengo fasea irisgarritasun plana egitea izan zen, gune bakoitza aztertzeko helburuarekin. Momentuz, plan hori dugu, eta etorkizunenean hurrengo lanei ekingo diegu".

Emakumeen Etxea, estrategikoa

Proiektu estrategikoa da Emakumeen Etxearena Udal Gobernuarentzat, eta, Elortzaren hitzetan, "bi lanketa paralelo ditu: bata etxea bera da; haren exekuzioa eta egin beharreko obra. Bestetik, parte-hartze prozesua dago, barruko guztia antolatuko duena. Nahiko paraleloan eroaten ari garen prozesuak dira biak, batak bestea elikatzen duelako. Esan genezake obrari dagokionez birgaitze lanak gutxi gorabehera amaituta daudela eta orain sartuko ginatekeela bigarren faseko exekuzio proiektua idaztean. Horrekin, lizitazioa orain aterako dugu, eta espero dugu, ondo bidean, udazken aldera eraikin barruko obrekin hastea. Paraleloan, parte-hartze prozesuarekin ari gara lanean; orain arte oinarriak onartu ditugu, zer motatako Emakumeen Etxea nahi dugun adosteko. Azken fase honetan erabiltzaileak eta erabilerak definitu dira, eta orain gobernantzaren eta kudeaketaren inguruko hausnarketak egiten ari dira erabiltzaileak".

Emantzipazioan urratsak

Pil-pilean dagoen gai bat da emantzipazioarena, eta, horrenbestez, Elortzak "etxebizitzaren alorrean urratsak egiteko asmoa" duela aitortu du. "Hasiko ginateke etxebizitza hutsen inbentario bat eguneratzen. Horrez gain, uste dugu alokairuak bideratzeko formulak berraztertu behar direla, eta konpromisoa hartzen dugu gai horretan sakontzeko. Gainera, birgaitzeak sustatzea eta kanpaina bat egitea badagokigu. Etxebizitza kopurua ez da arazoa; badaude eta bideratu egin behar dira. Bide horiek jorratuko ditugu, eta dirulaguntzak bideratzen joango gara emantzipaziorako eta gizarte zerbitzuetatik hileko alokairua ordaintzeko zailtasunak dituztenei laguntzak ematen jarraitzeko".

Musika eskola berria

Aurreko agintaldian murgildu zen Udala musika eskola berriaren diagnostikoaren prozesuan. Hala ere, "bertan behera" utzi behar izan zuten prozesua, "EAJk beste proposamen bat egin zuelako eta kutsu politikoa hartzen hasi zelako guztia". Orain lan horri berriro helduko diotela jakinarazi du alkateak: "Aurrekontua badugu, eta, beraz, prozesuarekin jarraituko dugu".

Komertzioei laguntza

Komertzioek herriari "aberastasuna" ematen diotela dio Elortzak, baina, era berean, aitortu du haien egoera ez dela "gura bezalakoa. Ikusten dugu komertzioek nolako onura dakarten herriarentzat eta herritarrentzat, baina gizartea aldatzen doa eta horrek kultura aldaketa bat dakar. Testuinguru horretan, zailtasunak ikusten ditugu komertzio berriak zabaldu edo mantentzeko; joera guztiz kontrakoa da. Alde horretatik, Udala egoeraz kontziente da eta baliabideak eskainiko ditu komertzioei, orain arte bezala, dirulaguntzak edo formakuntzak bideratuz, ohitura berriei egin beharreko egokitzapenean bidelagun izateko".

Turismo jasangarri baten alde

Nazio Batuen Turismoaren Mundu Erakundeak Best Tourism Village 2023 saria eman zion Oñatiri iaz urrian, eta, horri lotuta, Udal Gobernuak "turismo jasangarri bat bideratu" nahi duela dio alkateak. "Herriak mugak ditu eta oreka bat bilatu behar dugu datozen bisitarien eta gure herritarren artean, masifikazioan ez erortzeko. Sariaren inguruan ez genuen oihartzun handirik eman nahi izan, neurria hartu ahal izateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak