Omenaldia Primi Erostarbe pandero-jotzaileari, liburua aurkeztuta

Gontzal Belategi Zubia 2024ko mar. 12a, 17:25

Primi Erostarbe oñatiarra eta Maurizia Leturiaga omendu zituzten martxoaren 7an, Oñatiko emakume sortzaileen hamabostaldiaren baitan egin zen Larru Marruak. Primi eta Maurizia liburuaren aurkezpenean. Araotzen jaiotako pandero jotzaile eta irrintzilaria izan zen Erostarbe.

Primi Erostarbe (Oñati, 1907-1995),  emakumeak oholtza gainean egotea gaizki ikusia zegoen garaian bidea ireki zuen pandero-jole araoztarra izan zen. Baita ireki ere, gaur egun Oñatiko pandero-jole gehienak emakumezkoak dira eta. Martxoaren 7an merezitako omenaldia jaso zuen haren jaioterrian egindako emakume sortzaileen hamabostaldian aurkeztu zen Larru marruak. Primi eta Maurizia liburuaren aurkezpenean. 

Autodidakta

Etxetik zetorkion musikarekiko harremana Erostarberi. Hauxe dio Koldo Zumalde oñatiarrak:"Aitak soinua jotzen zuen, eta amak panderoa, beti taberna giroan". Araozko Zumalde baserrian zegoen tabernan ibiltzen ziren biak jotzen, nahiz eta eliz ospakizun batzuetan ere jo izan zuen aitak. Garai hartan izan zuen Erostarbek lehen kontaktua panderoarekin. Amari ikusiz joan zen panderoaren teknika barneratzen, eta, gurasoen gisan, tabernan jotzen hasi zen. Primi gazteak Jazinto Baldomero Rivas Intxuzabal trikitilari bergararrarekin jo zuen sarri. "Intxuzabal Araotzera joaten zenean Zumalden hartzen zuen ostatu. Gerra aurretik asko ibili ziren tabernan jotzen". Panderoa ez zen bere kabuz ikasi zuen bakarra. Araoztik beste herri batzuetara mugitzeko mendian barrena joaten zen, astoa lagun zuela: "Garai hartan ez zegoen errepiderik Araoztik irteteko", dio Zumaldek. Mendiko bakardadean entretenimendu bila ibiltzen zen oñatiar gaztea, haren itzalarekin dantzan jarduten zuen, eta, denborarekin, irrintziak botatzen hasi zen. 

Martutenera lan egitera

Zera dio Zumaldek: "Oinez ikasi aurretik lanean zebilen Primi". Lehen urte haietan Araozko betebeharretan laguntzen zien gurasoei, baina 16 urterekin, beste hainbat gaztek egin bezala, Donostiara joan zen lana bilatzeko asmoz. Martuteneko Estanko tabernan hasi zen lanean, eta hamar urte igaro zituen han. Garai hartan senargaia ezagutu, eta Agerre baserrira ezkondu zen. Senarra ere tabernaria zuen. Bost seme-alaba izan zituen, hiru emakumezko eta bi gizonezko. Agerren zazpi urte pasa ostean, Loiolara joan ziren bizitzera.

Garai hartan haren musikari alderdia ezkutuan gelditu zen. Bost seme-alabarekin eta senar tabernariarekin denbora gutxi zuen ateratzeko, eta are gutxiago musikari gisara jarduteko. Zumalderen hitzetan, kontuan hartzeko beste elementu bat gizartearen errealitatea zen: "Gerraostea garai iluna izan zen". Hala ere, haurrak nagusitu zirenean eta garai ilunenak pasata, denbora gehiago izan zuen panderoari eta plazari eskaintzeko. 

Primi Erostarbe panderoa jotzen. (Argazkia: Santiago ST. Fotografia).

Garai zailetan bidea ireki zuen

Garai txarrak ziren emakume bat oholtzara igotzeko, ez zegoen ondo ikusita, baina Erostarbe "emakume ausarta" zen. Hauxe dio Zumaldek: "Esaten da garai hartan trikitilari askok ez zutela alboan emakumerik nahi izaten, baina Primirekin, nonbait, ez zegoen arazorik. Ausartu egiten zen eta ez zuen atzera egiten". Loiolan zegoela, Azpeitia soinu-joleari laguntzen hasi zen, Jesus Piquer eta Mikel Bikondoa eskusoinu-jotzaileekin ere ibili zen arren. "Primi edozeinengana gerturatzen zen", dio Zumaldek. Azkenean, Valentin Aldalur Zialtzeta trikitilari aiarrarekin "bikote nahiko egonkorra" osatu zuen. Biek Euskal Herri osoa zeharkatu zuten, nahiz eta, gehienbat, Donostia inguruan jo. Euskal Herriko mugak ere gainditu zituzten. Donostiako Goizalde dantza taldearekin joan izan ziren, dantzaldi osteak alaitzeko. Besteak beste, Frantzian, Suitzan, Alemanian eta Austrian izan ziren jotzen. Baldintza bakarra jarri zuen Erostarbek: "Senarra harekin joatea eskatzen zuen". Hala ibili zen Erostarbe, plazaz plaza, 1982ko San Martin egunera arte. Han jo zuen azkenengo aldiz jendaurrean. Senarra gaixotu zitzaion, eta horri hura ere adinean aurrera zihoala gehituta, plazak behin betiko uztea erabaki zuen. 

Aparteko irrintzilaria

Erostarbe ezagutu zutenek oso presente dute bere irrintzia. Araotzeko mendien bakardadean ikasitako irrintzi haiek Euskal Herriko txoko guztietara hedatu ziren. Zumaldek gogoan du Erostarbe irrintzi txapelketetan ibili zen garaiak: "Esango nuke aurkeztu zen txapelketa guztiak irabazi zituela, alde horretan ez zuen inongo aurkaririk. Neurriz kanpoko irrintzilaria izan zen". Irrintziekin pasadizo bat ere gogoan du Zumaldek: "Parisen zegoen batean, otorrino batek Primiren eztarria begiratzea eskatu zuen, horrelako irrintzia botatzea ezinezkoa zela esanaz". Hitzezko irrintzia ere botatzen zuen Erostarbek: Heldu, heldu, heldu, aurreko neska gazte horri, gerri-gerritik, pixkat beheraxotik e bai. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak