"Rupertoriotik" tiraka, kalean da 'Bakarka 2'

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko mar. 11a, 15:20

Gitarra eta ahotsa osagai bakar dituen hamabi kanturen bertsio "biluztuak" batu ditu Ruper Ordorikak argitaratu berri duen Bakarka 2 bilduman; 2018an sortu zuen albumaren bide beretik osatu du lan berria, Jonan ordorika anaiarekin elkarlanean.

45 urteko ibilbidean sortutako kantu batzuk aukeratu eta "bigarren bizitza" bat eman guran abiatu zuen musikari oñatiarrak Bakarka proiektua. "Erantzun ona izan zuen lehenengo bildumak, eta tarteka joan naiz, molde berean, kantu gehiago grabatzen. Orain arteko nire lan guztien moduan, abuztuan zendu zen Jonan anaiarekin grabatu nituen horiek ere. Taldearekin, musikari handiak lagun, oso gustura nabil, baina asko maite dut taularen gainean bakarka ibiltzea ere, nolabait, gaur egun egiten denaren kontrako bidetik badoa ere. Formatu horretan beste esparru batzuetara heltzen zarela uste dut; urte asko duten kantuen mamia hor geratzen da eta bilduma hau da, hain justu, gaurko begietatik zelan ikusten ditudan erakusteko modua", dio Ordorikak.

Garai askotarikoak

Hamabi kantu batu ditu, guztira; Aingeru guardakoa, Erruduna, Haize goxoarena, Zaindu maite duzun hori eta Zaldiak negarrez izenekoak, besteak beste. "Ni baino rockerragoa zen Jonan, eta nire errepertorioan kantu azkarragoak sartzera bultzatzen ninduen beti; hari omenalditxo bat egin guran aukeratu nuen, bada, esaterako, Zaldiak negarrez. Hirugarren diskoko Erruduna ez da taldean jotzeko kantu samarra, eta aldaera politak ditu bakarkako bertsioan".

Hastapenetan sortutako Alberto Careiroren bisita abestia era badago bilduma berrian, eta baita aurrez sekula grabatu bako Artista baten istorioa izenekoa ere. "Nire kantu zaharrenetakoa da lehenengo hori. Joseba Sarrionandiaren Izuen gordelekuetan barrena (1981) liburuko poema bat da. Urte asko egin ditut hori kantatu barik, baina iaz bost saio egin nituen Bilbon Sarrirekin eta saio haietan berreskuratu nuen berriz, eta horren ondorioz sartu da diskoan. Artista baten istorioa izenekoa, berriz, bertsio bat baino gehiago, Daniel Johnston kantari amerikarraren kantu baten adaptazio bat da".

Zuzenean aurkezteko gogoz

Anaiaren heriotzarekin, etapa berri bati ekin dio; hala ere, "gogotsu" dago kontzertuetarako; datorren hilean Aiherran abiatuko du bira berria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak