Oñatin lehen aldiz emakume sortzaileen hamabostaldia antolatu dute martxoaren 6tik 17ra bitartean. Hainbat disziplinaz osatutako egitaraua aurkeztu dute eta bertako ekintzetako protagonistak izango dira alde batetik emakume sortzaile profesionalak, eta bestetik, herriko sortzaileak.
Emakume sortzaile profesionalei dagokienez, euren askotariko lanak eskainiko dituzte, kultur munduari egiten dioten ekarpena ikustarazteko helburuarekin. Hauxe adierazi du Oñatiko Udaleko Kultura teknikari Edurne Soraluzek: “Egitarauan erreferente diren emakume sortzaile profesionalen lana jaso dugu, eta horretarako, hainbat kultur disziplinatako kontratazioak egin ditugu; bertsogintzan, literaturan, antzerkigintzan eta musikan”.
Oñatiar sortzaileen erakusketa
Oñatin bizi diren emakume sortzaileei lekua egitea ere nahi izan dute ikustarazteko herri mailan egiten duten ekarpena. Eta lan horiek erakusketa batean jarriko dituzte kultura etxean, martxoaren 8tik 22ra bitartean. Guztira, hamahiru emakumeren lanak ikusi ahalko dira bertan. Halaxe aurkeztu du erakusketa horren ardura daukan eta Oñatiko artisaua den Lide Osinagak: “Adinari dagokionez, 19 urteko neska baten lanak daude adibidez eta baita 60 urtetik gorako besteren batena ere. Eta beste alde batetik, disziplina artistiko desberdinak egongo dira; margolanak, makrame, bideoak, literatura…”.
Iñaki Olalde Udaleko Kultura zinegotzia eskertuta dago lehen aldiz era honetako erakusketarako deialdiak izan duen harrerarekin: “Artisau azokatan jende asko ikusten dugu, baina beste asko etxean daude euren bulegotxotan, garajean, gelan… hainbat lan egiten. Eskertzekoa da ikustea hamahiru oñatiarrek interesa izan dutela erakusketan parte hartzeko”.
Hamabostaldiaren irudia
Hamabostaldi honen irudia Ane Galdosek sortu du, iazko herriko jaietako kartelaren egileak eta hauxe irudikatu nahi izan du: “Emakume sortzaileen irudia sortzeko, sormenarekin lotuta dagoenez, loreak irudikatu ditut emakume baten burutik irteten. Loreekin sormena errepresentatu nahi izan dut, azkenean barrutik ateratzen zaigun indar bat delako, barrutik jaiotzen dena eta gugan loratzen dena”.
Helburuak
Antolatzaileek uste dute sortzaile diren horien lana ikustarazteko eta etorkizunean sortzaile izango direnek gaur egun profesional diren emakume erreferenteak ezagutzeko balioko duela hamabostaldiak. Oñatiko alkate eta Udaleko Berdintasun batzordeburu Izaro Elorzak hauxe azaldu du: “Egia da oholtza gainean edo etxeko txikitasunean emakume sortzaile eta artista asko ditugula eta hori da hamabostaldiaren helburu nagusienetariko bat; ikusgarritasun hori bilatzen dugu, gure herrian kontzientzia sortzea ere bai eta kolektibo moduan pentsatuaraztea eta batez ere euren lana aitortu eta erreferente berriak bilatzea”.