Natrako langileek aurrerantzean zer egin erabakitzeko batzarra egin dute gaur, eta mobilizatzen jarraitzeko hautua egin dute, bozkatzaileen %97aren babesarekin: 223 baiezko, lau ezezko eta hiru zuri. Hala, ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez, lau orduko lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzean, astelehenetik egubakoitzera, Aste Santura arte; are gehiago, baita martxoaren 9-10, 16-17 eta 23-24 asteburuetan ere. Horrez gain, manifestazio bat egingo dute otsailaren 24an, zapatuan, Oñatiko Foru Plazatik abiatuta, 12:00etan.
Hain justu, urtarrilaren 30ean ekin zieten mobilizazioei, egun zehatz batzuetan lanuzteak eginda, eta gaurko zuten azkenekoa zehaztuta; atzo bezala, 24 ordukoa, enpresa batzordearen arabera, hitzarmen berria lortzeko negoziazioak "blokeatuta" daudela salatzeko eta "atzerapausorik" ez dutela onartzen aldarrikatzeko.
Enpresaren jarrera
Gaur-gaurkoz, ELAk emandako datuen arabera, hirurehun behargin daude Natrak, eta urtebete baino gehiago daramatzate hitzarmena berritzeko negoziazioetan. "Alferrik, ordea. Enpresak ez du negoziaketekin jarraitzeko jarrerarik erakutsi eta lehen egunean egindako proposamen atzerakoiak planteatzen jarraitzen du". Areago, LABek xehetasun gehiago eman ditu: "Lanaldia lau txandatan ezarri nahi digute urte osoan zehar, eta [enpresa] Batzordeak gure lan osasuna hondatzen duen neurri hori sinatzeari uko egin dionez, enpresak ez du negoziatzen jarraitu nahi".
LABek nabarmendu du akordioa bat nahi izan arren, hitzarmenean ez duela "inongo atzerapausorik" onartuko. ELAk ere badaki zein den jarraitu beharreko bidea: "Langileek argi dute enpresaren blokeoaren aurrean, borrokan eta grebekin jarraituko dutela".