Natra Oñatiko langileek lanuzteak egingo dituzte datozen asteetan, hitzarmen berria lortzeko negoziazioak "blokeatuta" daudela salatzeko eta "atzerapausorik ez" dutela onartzen aldarrikatzeko. Hala, urtarrilaren 30ean eta otsailaren 1ean bi orduko lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzeko: 10:00etatik 12:00etara, 17:00etatik 19:00etara eta 02:00etatik 04:00etara. Otsailaren 6an eta 9an, berriz, lau ordukoak izango dira lan etenaldiak: 09:00etatik 13:00etara, 16:00etatik 20:00etara eta 01:0etatik 05:00etara; eta, azkenik, otsailaren 13an eta 15ean, 24 ordukoak izango dira.
Pasa den egubakoitzean, urtarrilaren 19an, egin zuten asanblada, eta enpresa batzordeak aurkeztutako mobilizazioekin bat egin zuten langileen %88k: 179k baiezko botoa eman zuten, 21 ezezkoa, bik zuria eta beste bi baliogabeak izan ziren.
Sindikatuen salaketak
LABek, esate baterako, enpresaren "jokaera" salatu du. "Errelebo kontratua xantaia moduan erabili nahi izatea, flexibilitatearekin langileon lan baldintzak nabarmen kaltetzea, aldizkako finko kontratuak gehiegi erabiltzea eta laugarren erreleboaren hedapena dira enpresak inposatu nahi duena". Halaber, ELA sindikatuak ere bat egin du salaketa horietako batzuekin eta, aldi berean, harago jo du: "Langileek argi dute produkzioa antolatzeko enpresaren proposamen hau oso kaltegarria dela lan osasunerako, jakinda, gainera, egun badituztela nahiko neurri beraien beharrei erantzuteko".
Hala, LABek, batetik, akordioan du jarria arreta, baina ez nolanahikoan. "Akordioa nahi dugu bai, baina patronalaren etekinak langileon eskubideen gainetik jartzea ez dugu onartuko. Kapitala ala bizitza, hori da hemen ere jokoan dagoena". Bestetik, ELAk ere argi du zein izan beharko litzatekeen bidea: "Garaia da soldatek KPItik gorako igoerak izateko eta langileon bizitzak duinduko dituen hitzarmen bat lortzeko: kategorien eguneratzea, errelebo kontratua, lan erreformen aurkako blindajea...".