Lehengo eta oraingo atletismoa, gertutik bizi dutenen eskutik

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko urt. 26a, 19:00

Oñatiko atletismoan erreferente izan zen Luis Mari Samaniego korrikalaria aitzakia hartuta, oñatiko atletismoaren orduko eta gaur egungo egoerari buruz berba egin du GOIENak Jose angel idigoras korrikalari ohiarekin eta Mikel Ruiz atletarekin

Luis Mari Samaniego erreferente bilakatu zen Oñatin, atletismoari eta Aloña Mendiri oso lotuta egon zelako urte luzez. Baina herriko izarretako bat izateaz gain, erreferente ere bilakatu zen oñatiarrentzat; Samaniegok egindakoek eta lortutakoek ateak zabaldu zizkieten herritarrei atletismoaren munduan murgiltzeko. Jose Angel Idigoras da bide hori hartu zuenetako bat; 31 urterekin jantzi zituen korrika egiteko zapatilak eta 45 urtera arte aritu zen lasterka, lesioek gelditzea eragin zioten arte; gogoan ditu Samaniego eta garai haiek. "Gu korrikalari herrikoiak ginen, eta gero, hura zegoen. Hura zen bakarra federatuta korrika egiten zuena, eta gogoan dut oso entrenamendu gogorrak egiten zituela. Gainera, kirol aukera askorik ez zegoen herrian, eta, beraz, erreferente bihurtu zen guretzat", dio Idigorasek. Gainera, anekdota bat ere ekarri du gogora: "Gogoan dut esaten zuela Arantzazutik Urbiara hogei minutuan igotzen zela; ikaragarria zen hori".

Mikel Ruiz gazteagoa da. Gaur egun murgilduta dago atletismo munduan, eta, nahiz eta Samaniego ezagutzeko aukerarik ez zuen izan, aitak esandakoak ondo gordetzen ditu buruan: "Aitak askotan hitz egin dit hari buruz, eta maila handiko kirolaria zela esan dit".

Amerikarren garrantzia

Samaniego erreferente izan da Oñatiko atletismoaren historian, baina amerikarrak Oñatira iritsi zirenean piztu zen korrika egiteko sua. "1974. urtean etorri ziren gurera amerikarrak eta haiek ikustean iratzarri ginen gu", dio Idigorasek. Haiek Oñatin atletismoarekiko zaletasuna indartu zuten, eta orduan "gorakada handia" izan zuela ere aitortu du. Horri esker, urte askoan zehar jende ugari aritu da Oñatin atletismoan. Gaur egun ere jarraitzen du amerikarrek utzitako arrastoak, baina arrastoa txikitzen ari da. "Garai haietan nobedade bezala ikusi zuten atletismoa, eta gorakada haren parte izan ziren gure gurasoak. Ordutik gaur egunera asko jaitsi da atletismoa eta honekiko zaletasuna Oñatin", dio Ruizek.

Ohiturak asko aldatu dira

Duela 50 urtetik gaur egunera ohiturak asko aldatu dira, eta baita atletismoan ere, izan entrenamenduak, korrika egiteko materiala edo zaletasuna. "Lehen ez genituen orain dauden baliabide guztiak. Guk ustez zapatila onenak zirenak erosi eta korrika egitera joaten ginen", dio Idigorasek. Haren lehen maratoia nolakoa izan zen ere ekarri du gogora, eta "urik edan gabe" egin zuela gogoratu du, gaur egun "pentsaezina" den zerbait. Lesioek korrika egiteari uztera eraman zuten Idigoras, eta hori materialaren eta prestakuntzarik ezaren ondorioa dira. "Miresgarria da nola ibiltzen ziren. Orain, egia da gaur egungo zapatilekin lesioak asko ekiditen direla eta entrenamenduak ere beste mota batekoak direla. Aitak ere askotan esaten dit zortea izango dugula urte luzez korrikan jarraitu ahal izango dugulako. Gainera, egiten den material guztia ondo begiratzen da ahalik eta emaitza onenak lortzeko. Ikusi besterik ez dago azken urteetan errekor asko hautsi direla", dio Ruizek.

Atletismoarekiko zaletasuna ere "asko" jaitsi dela diote, kirol eskaintza zabalak duela horren errua, eta, nola ez, horrek ere eragina du gazteak erakartzeko orduan. "Bakarkako kirola da eta horrek esfortzua eskatzen du. Orain, gazteek nahiago izaten dute taldeko kiroletara jo, baina beti dago bateren bat gustuko duena", aitortu du korrikalari oñatiarrak. Lehen, berriz, ez zegoen beste aukerarik. "Lehen, korrika egin edo futbolean jokatu, ez zegoen besterik", dio Idigorasek.

Harrobia egitea, funtsezkoa

Gaur egungo egoerari buelta emateko "harrobia" lantzea funtsezkoa dela dio Ruizek, hura ere entrenatzaile aritzen baita: "Gazteak badaude, baina bultzada baten beharra dago. Entrenatzaileak behar dira, eta atletismoko pista batek ere asko lagunduko luke eskola egiten. Gaur egun, gazteek Mondragon Unibertsitate ingurura edo hona, San Martinera, etorri beharra dute entrenatu ahal izateko, eta, eguraldi txarra bada, gimnasioan sartuta egiten dira. Era berean, badakit Udala lanean dabilela horretarako", adierazi du Ruizek. Idigorasek ere bide bera jarraitu beharra dagoela uste du: "Kirol indibiduala da atletismoa; taldekako kirola balitz gazte gehiago etorriko lirateke probatzera".

Oinarria sendotzeko pausoak eman behar dira, eta adibide gisa beste kirol batzuk jarri ditu Ruizek: "Igeriketan, esaterako, goizeko seietan joaten dira entrenatzera, taldetxoan. Atletismoan ere hori lortu beharra dago. Bosteko edo seiko talde bat lortuz gero, errazago animatuko lirateke".

Luis Mari Samaniego, erreferente

Lantziegon (Araba) jaio zen, 1942. urtean, eta 70eko hamarkada erdialdera arte bizi izan zen Oñatin. Hermanos Maristas taldean ekin zion korrika egiteari, baina Oñatin bizi izan zen tartean Aloña Mendiko atletismo taldean aritu zen, federatu; herriarentzat erreferente bilakatu zen garai haietan. Aloña Mendin egoteaz gain, Ilintxa eta Gimnastica de Ulia taldeetan ere aritu zen; bide horretan, Espainiako Kros Federazioen txapeldun izan zen, Gasteizera bizitzera joan aurretik, non hil arte bizi izan zen han. Gasteizen bizi izan zen garaian, La Blanca, Arabatxo eta Aurrera taldeetan aritu zen. Haren palmaresean dira, besteak beste, hamasei urrezko domina Espainiako Beteranoen Mailan; eta Europako Beteranoen Maila ere txapeldun izan zen 1992. urtean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak