Hiru urteko lan prozesuaren ostean, Moriarti ekoiztetxeko kideak "oso pozik" daude emaitzarekin eta promozio lanetan buru-belarri ari dira egunotan; Aitor Arregi zuzendari oñatiarrarekin izan da GOIENA.
Ze sentsazio duzu lana estreinatzear dagoela?
Niri gustatu zait egin duguna. Uste dut ez dela ohiko telesail bat. Beste erritmo eta beste egiteko modu bat du. Izango ditu oso gustuko izango duten ikusleak eta baita bat gustatuko ez zaienak ere, baina hasieratik genekien hori. Gu pozik gaude, oso gurea sentitzen dugu, gure ikuspuntua bertan da eta barrua eragiten diguten galderak eta gaiak hor daude. Bestetik, sekulako lantaldea izan dugu inguruan, puntako profesionalak alor guztietan, eta oso babestuta sentitu gara.
Lan prozesua luzea izan da.
Bai, horixe! 2021. urtearen hasieran Lourdes Iglesias gidoilariak gure atea jo zuen eta Julen Berzosa produktoreari azaldu zion zortzi kapituluko telesail baterako ideia zuela; oinarrizko ideia bat zen, oraindik garatu gabekoa. Interesgarria iruditu zitzaigun eta esku artean genituen gure beste proiektuak albo batera utzi eta honetan buru-belarri sartzea erabaki genuen. Dena egiteko zegoen, ez zegoen gidoirik ere, eta 2021. urte osoa proiektu hau lantzen ibili ginen. 2022an produkzioan sartu ginen; hau da, besteak beste, aktoreak eta lokalizazioak lotzen. Sei hilabete jardun genuen lan horietan. eta, ondoren, bost aste grabatzen. 2023 hasieran edizio lanak egin genituen eta promozio lanekin hasi dugu 2024a.
Alberto San Juan aktorea da Balenciaga; zelan moldatu zarete?
Albertorekin lan egitea opari bat izan da guretzat. Oso jatorra izateaz gainera, aktore oso ona eta oso profesionala da. Interpretazio lanaz gainera, gauza asko ikasi egin behar izan ditu; esaterako: euskaraz berba egiten ikasi behar izan du eta oso ondo moldatu da Getariako euskaraz berbetan, madrildarra bada ere. Parisen kokatuta dago istorioa; hortaz, frantsesez modu naturalean berba egiten ere ikasi behar izan du, eta baita ondo moldatu ere! Eta hizkuntzez gainera, josten ere ikasi behar izan du, josten onena zen maila eman beharra zuen-eta, edo horren itxura bai, behintzat.
Ze aktore gehiago daude?
Aktore asko daude; nazioarteko talde artistikoa osatu dugu, hala izan zen-eta Cristobal Balenciagaren bizitza. Esaterako, Thomas Coumans Belgikako aktore ezagunak paper garrantzitsua du; Belen Cuesta Belgikako Fabiola erreginaren paperean ikusiko dugu, eta Ameriketako Estatu Batuetako aktoreak ere badaude, hango bezero asko izan zituen-eta jostunak. Haiez gainera, euskal aktoreak ere badaude lantaldean; besteak beste, Josean Bengoetxea eta Itziar Aizpuru.
Getarian jaio eta toki askotan bizi izan zen gero Balenciaga; non errodatu duzue, bada, filma?
Batez ere, Euskal Herrian egin ditugu grabaketa gehienak: Donostia aldean gehienak, baina Gasteizera, Iruñera eta Bilbora ere joan gara gauza zehatzak grabatzera. Horretan espezializatu gara; hau da, hemen, etxean, grabatzen eta itxura egiten beste toki batean geundela. Horrela egin behar da nahikoa dirurik ez dagoenean nahi duzun guztia egiteko. Baina, aldi berean, kanpoan ere izan gara; Parisen, esaterako, astebete izan ginen, hango kaleak, Balenciagaren etxearen fatxada eta bestelako gehiago grabatzen, eta, nola ez, Getariako irudiak ere jaso genituen. Barruko telesaila da, eszena asko barruan dira: sorkuntza tailerrean, desfileetan... Bada, horiek guztiak hemengo platoan grabatu ditugu.
Disney ekoiztetxe oso handia da eta zuek, Moriartikoak, ohituta zaudete modu autonomoan lan egiten. Zelakoa izan da eurekin izan duzuen harremana?
Oinarrian ondo moldatu gara, batez ere, beste plataforma batzuetatik entzun ditugunak kon- tuan hartuta, askotan egilearen ahotsa isilarazi egiten dute eta. Baina guk ez dugu hori sentitu, gura izan dugun gidoia idatzi dugu eta gura izan dugun moduan grabatu dugu; beti eurekin aurrez berba eginda, noski. Egia da edizioan gehiago sartu dutela eskua, eta gu ez gaude ohituta, eta horrek une deseroso batzuk sortu ditu, baina, aldi berean, onartu egin genituen eskatutakoak, eurek arlo horretaz asko dakitelako. Hortaz, argazki orokorra hartuta, ezin gara kexatu, inondik inora; errespetatu egin gaituzte.
"Ondo moldatu gara Disneykoekin; errespetatu egin gaituztela sentitzen dugu"
Disney Plus plataforman estreinatuko da gaur.
Oraingoz, plataforma horretan izango dira 45 minutu inguru irauten duten sei kapituluak; baliteke geroago beste kate batzuetan ere eskaintzea, baina guk hori ezin dugu erabaki.
Badituzue, baina, beste proiektu batzuk esku artean; esaterako, Marco filma. Ze puntutan dago?
Abenduan bukatu genuen grabatzen, eta editatzen ari gara orain; aurten estreinatzea da, hasiera batean, asmoa.
Proiektu gehiago abiatzeko estu samar, ezta?
Hainbat urtetan garatu ditugun proiektuak pilatu egin zaizkigu; hori horrela, azaroan beste film luze bat grabatzen hasteko asmoa dugu; euskaraz izango da proiektu berri hori.