2024ko Aloñako Igoera, Salomonen Golden Trail National Series zirkuituan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko urt. 19a, 13:22

Salomon markak antolatzen duen Golden Trail National Series zirkuituaren barruan sartu da Aloñako Igoeraren 19. edizioa. Aurten apirilaren 28an egingo da Oñatiko proba berezia, eta urtarrilaren 27an zabalduko da izen-emate epe orokorra, 10:00etan, www.kronoak.com webgunean. Antolatzaileak "pozik" daude: "Oihartzun handia ekarriko du baina badakigu nondik gatozen, zer garen eta zer nahi dugun".

Aloñako Igoerako antolatzaileek azpimarratu dute Aloñako Igoera Euskal Herriko mendi lasterketa zaharrenetarikoa dela: "2005ean egin zen Aloñako Igoera lehenengoz, eta mendi korrikalarien egutegietan indarra hartzen joan da ordutik. Euskal Herrian, lasterketa zaharrenetarikoa da, Zegama Aizkorrirekin batera. Salomonen zirkuituan egotea aitortza moduko bat da kirol probarentzako eta urteetan horren bueltan jardun duten boluntario guztiendako".

Aloñako Igoera, iberiar penintsulan lau lasterketen artean

Mendi lasterketek bizi duten loraldiaren adierazle da, besteak beste, Salomon markak mundu mailan sortuak dituen zirkuituak: Golden Trail World Series mundu mailako zirkuitua da, eta, besteak beste, barnean du Zegama-Aizkorri proba. Golden Trail National Series zirkuituak, berriz, estatu edo eremu geografikoaren arabera antolaturiko zirkuituak dira.

Bigarrenean egongo da da Aloñako Igoera. "Batez ere lasterkari gazteentzat eta munduan zehar lehiatu ezin direnentzat sortu zuten Golden Trail National Series. Eta Golden Trail World Serieseko finalerako sailkatzen dira lehen sailkatuak. Horretarako, Golden Trail National Series zirkuitu ezberdinak daude munduan zehar, horien artean, iberiar penintsulan, Espainiako Estatuko eta Portugaleko lau lasterketa barnebiltzen dituena; aurten, lehenengoz, bertan izango da Aloñako Igoera", argitu dute antolatzaileek.

Antolatzaileak "pozik" daude Salomonen eskaintzarekin

Antolatzaileak "pozik" agertu dira Salomonek egindako eskaintzarekin: "Beste salto bat ekarriko dio lasterketari. Oihartzun handia ekarriko dio nazioarte mailan, lasterketa herrikoi bat izatek mundu mailan entzutetsuenetarikoa den zirkuituaren parte izatera pasako baita. Horrek, besteak beste, ikusgarritasuna emango dio Aloñako Igoerari, Oñatiri eta Debagoienari".

Hori bai, azpimarratu dute urrats berriak ez diola aparteko aldaketarik ekarriko kirol probaren izaerari, ezta haren antolakuntzari edo helburuei: "Badakigu nondik gatozen, zer garen eta zer nahi dugun. Betiko moduan jarraituko dugu lasterkaria eta mendia mimoz zaintzen, orain arte moduan, herriaren alde lan egiten, herriko gainontzeko eragile eta boluntario guztien moduan, haiekin batera".

Era berean, urte luzeetan Aloñako Igoeraren bueltan izan diren antolakuntzako kideak, boluntarioak, babesleak, eta, oro har, kirol probaren ibilbidea betetzen duten ikusleak, eskertu gura izan dituzte antolakuntzako kideek.

2005ean sortua

Aloñako Igoera 2005ean egin zen lehen aldiz. "Ez zen gaur egun ezagutzen den lasterketa bera, izan ere, lehen bederatzi aldietan, leku beretik igotzen eta jaisten zen Aloña. 16 kilometroko lasterketa zen".

Hala, kirol probaren hamargarren urteurrenean, ibilbidea aldatzea erabaki zuten antolatzaileek eta gaur egungo ibilbidea zehaztu zuten. Horretan geratu barik, hamargarren urteurrenean egin ziren lehenengoz Butraitzeko Igoera Bertikala –aurten ez da egingo, bost urtean behin egiten delako– eta Aloña Txiki lasterketa. Eta bestelakorik ere ekarri zuen hamargarren urteurrenak, Ongi etorri infernura! leloa eta deabrua aurkeztu zituztelako, lasterketaren ikono bihurtu dena.

2025ean izango da Aloñako Igoeraren 20. urteurrena eta, antolatzaileen ustetan, Golden Trail National Series zirkuituaren parte izateak, "bereziago" egingo du asteburua. Gainera, Butreaitzeko Igoera Bertikala egingo da urte horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak