Unibertsitatea birgaitzeko lanen berri eman dute

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko urt. 11a, 16:00

Gipuzkoako Foru aldundiak iragarri du oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea birgaitzeko lanean hasi direla, haren egoera "kezkagarria" konpontzeko; eraikinean egingo diren lanek hiru milioi euroko kostua izango dutela aurreikusten dute

Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea birgaitzeko lanak hasiko dituela jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek jakinarazi duenez, aurten "proiektuaren erredakzioaren lizitazioa martxan" jarriko dute, hori baita "erakinak birgaitzeko behar dituen lanei ekin ahal izateko egin beharreko lehen urratsa".

1993an izan zuen unibertsitateak azken birgaitze integrala, Pablo Borde arkitektoaren eskutik. Ordutik gaur egun arte, hogei urte igaro dira, eta denbora honetan guztian zehar 60 esku-hartze baino gehiago egin dira mantentze-lanetarako. Lan horiek aurrera eraman badira ere, eraikinaren fatxadak etengabeko hondatzea izan du, eta horren erakusle da 2022ko udan fatxadatik harrizko hainbat elementu apaingarri erori zirela.

Dominguezen arabera, ordutik aurrera hasi zen birgaitze prozesuan lanean Aldundia: "Arriskuak gutxitzeko fatxada sareekin segurtatu ondoren, narriadura horren arrazoien azterketa zehatza hasi, eta orain, jarduketa-proposamen bat dago mahai gainean". Diputatuak adierazi duenez, prozesu horrek guztiak hiru milioi euroko aurrekontua izatea espero du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Erabilera herrira zabaltzea

2022ko udan unibertsitateko fatxadako elementu bat erori izanak "kezka" sortu zuen Oñatiko Udalean, Izaro Elorza alkateak azaldu duenez, eta hasieratik "Aldundiarekin harremanetan" jarri ziren, ahalik eta erantzun azkarrena eta egokiena eman ahal izateko eta aurrerantzean egin beharrekoak adosteko. Nahiz eta ofizialki Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikina den, Elorzak adierazi du "herritarron eraikin bezala" kontsideratzen dutela.

Alkateak aitortu du Udalak baduela nahi bat, eta hori dela unibertsitatearen erabilera herrira zabaltzea: "Herritarrei eraikina urtean zehar aprobetxatzeko aukera eman nahi diegu". Erabilera hori bermatzeko, proiektu pare bat ditu buruan Udalak: alde batetik, "Turismo Bulegoaren egoitza hara eramatea", eta, bestetik, "unibertsitateak duen berezko izaera ematea eta ikasketa-gelak sortzea". Oraingoz, baina, bi proiektu horiek geldirik daude; izan ere, dirulaguntza baten ebazpenaren zain daude bai Udala eta baita Aldundia ere, egin beharreko hurrengo urratsak zeintzuk diren jakiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak