ALBISTEAK

'Gaueko Andreak' eta 'Petite Messe Solennelle', Ganbara Faktoriaren Gabonetarako eskaintzak

Miren Arregi Amasorrain 2023ko abe. 18a, 14:36

Ganbara Faktoria Gabonak girotu eta alaitzera dator, sasoi honetarako propio prestatutako bi proposamenekin. Hots Abesbatzak egubakoitz honetan egingo du Gaueko Andreak ikuskizuna, Zubikoa pilotalekuan, 22:00etan; eta Ganbara Abesbatzak, Rossiniren Petite Messe Solennelle aurkeztuko du, abenduaren 29an, 20:00retan, San Migel Parrokian. Bi kontzertuetarako sarrerak 8 eurotan daude eskuragarri, Txokolateixan eta www.oñati.eus webgunean. 

Hots Abesbatzaren eta Ganbara Abesbatzaren eskutik datoz Gabonetarako Ganbara Faktoriaren bi eskaintzak. Lehena, Gaueko Andreak izeneko kontzertua izango da, Hots Abesbatzak eskainiko duen musika ikuskizuna. Proposamenak emakumea, euskal tradizioa, baserria, mitologia,  sorginak, aztikeria... ditu oinarritzat eta hilaren 22an izango da, 22:00etan, Zubikoa Pilotalekuan. Honela azaldu du Aitor Biain zuzendariak: "Sorginen historia kontatzen joango gara musikaren eta narrazioaren bitartez. Jatorria, akelarreak, sorginkeria eta zapalkuntza eta inkisizioa ere landuko ditugu ikuskizunean zehar". Guztira 40 lagunek hartuko dute parte proiektuan. Amaia Zipitria arituko da pianoan, Miel Guridi narratzaile lanetan eta Aitor Biain zuzendari lanetan.

Eskainiko diren piezak osotasunean dira euskal konposatzaileek sortuak, eta, gainera, proiekturako propio egindako bi abesti ere entzun ahalko dira; Junkal Guerreroren Gaueko andreak eta Inge Conderen Gaueko, hain zuzen ere. Horiez gain, Ganbara Faktoriarendako ezagun diren David Azurza, Jabi Busto, Xabier Sarasola edo Eva Ugalde  euskal konposatzaileen lanez osatuko da errepertorioa.

Rossiniren Petite Messe Solennelle, Ganbara Abesbatzaren eskutik

Bestalde, Ganbara Abesbatzak eskainiko duen kontzertua, kontzertu klasikoa izango da. Abenduaren 29an izango da, 20:00retan, San Miguel Parrokian. Maila handiko produkzioa prestatu du Ganbara Abesbatzak, Rossiniren pieza ezagunenetariko batekin. Abesbatzaz gain, lau bakarlari profesional –Ana Otxoa (Sopranoa), Lucia Gomez (Mezzosopranoa),  Aitor Garitano (Tenorea), eta Juan Laboreria (Baxua)– arituko dira Parrokian, pianoaz –Amaia Zipitria– eta Harmoniumarekin –Xabier Urtasun– lagunduta.

Petite Messe Solennelle Gioachino Rossini konposatzaile italiar ospetsuaren obra bat da, bere musika-handitasunagatik eta sakontasun espiritualagatik ezaguna. Rossinik 1863an konposatu zuen lana, opera sortzetik erretiroa hartu eta denbora askora –1829an sortu zuen bere azken opera–. Petite Messe Solennelle, Rossiniren azken konposizio adierazgarriena da, bere azken urteetan idatzia eta emozio eta gogo-aldarte ugari irudikatu zituen bertan: introspekzioa, debozioa, alaitasuna eta etsipen espirituala, kasu. "Aldakortasun musikal eta emozional horrek denboraz kanpoko obra bihurtzen du eta mundu osoan estimatzen eta gauzatzen jarraitzen da", azaldu du Bianek.

Gabon Batzea, Faktoria Sozialarekin

Bestalde, aspaldiko ohitura dute Ganbara Faktoriako taldeek abenduaren 24ko Gabon Batzea. Aurten ere, kaleetan zehar ibiliko dira goiza gabon kantez girotzen. Halere, badira berritasunak, izan ere, aurten, Faktoria Soziala proiektuarekin bat eginez, San Martin Egoitzan hasiko dute kantaldia. 11:00etan hasiko dira, egoitzatik.

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak