Trenak ekarri eta emandakoak

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko abe. 16a, 09:00

Duela 100 urte martxan jarri eta 44 urtera itxi zuten Elorregi eta Oñati arteko trenari buruzko tesia egin du Jabi bujanda 'txebi'-k, eta informazio horrekin osatutako erakusketa dago zabalik turismo bulegoan.

Gustuko jolasgunea izan zuen Jabi Bujanda Txebi-k tren-makina; beti atsegin izan duen espazioa dela dio, eta horregatik erabaki zuen Historiako ikasketak amaitzeko lana tre- nari buruzkoa egitea. Irailean bete ziren 100 urte Elorregi eta Oñatiko trenbide sarea erabiltzen hasi zirela, eta hil honen azken egunean, abenduaren 31n, beteko dira 56 Vasco-Navarro trena bera itxi zutela, Oñatiko adarra barne.

Lizarraraino

Guztira, 44 urtez egon zen martxan Vasco-Navarro trenaren Oñatiko adarra, Elorregi eta Oñati lotzen zituena. "Olatz Osak egindako liburuaz gain trenaren historiari buruz ez dela askorik egin konturatu nintzen, eta beti gustatu izan zaidan tren-makina horri buruz ikertzea erabaki nuen. Trena Oñatira zelan etorri zen ideia jasotzea izan da nire ideia, zelan egin zituzten obrak, ze bizitza izan zuen eta zergatik itxi zuten. Osaren liburua bera, Araba aldeko zatia jasotzen duen beste bat, Zubillagari buruz egindako liburua, kultura etxeko beste batzuk, Internet eta, batez ere, Juanjo Olaizolaren laguntza izan dut tesia egiteko. Azpeitiko Tren Museoan agiri asko daude; asko lagundu dit Olaizolak".

Tesia eginda, trenak abantaila asko ekarri zituela eta "itxi gabeko historia" dela ondorioztatu du Bujandak. "Elorregin ezkerretara eginda Gasteizeraino heldu ahal ziren oñatiarrak, eta handik Lizarrako bidea hartu. Eskumara eginez, berriz, Mekolalderaino, eta han Urolako trena hartu, gura izanez gero. Mugikortasunean aurrerapausoa izan zen, baina baita industrian ere. Trenak berak lana sortu zuen, eta herrian, Zubillagan, batez ere, industriak sortu eta zeudenak indartu egin ziren. Kanpoko jendea ere heldu zen hona, nahiz eta Oñatik ez duen inoiz biztanleriaren langa historikorik pasa, Arrasatek bezala, era naturalean mantendu da hori".

Lau geltoki zazpi kilometrotan

Zubillagako auzotarrek egindako Antxinako Zubillagari begirada bat liburuan jaso zuten moduan, Zubillagako emakume talde handi samarra joaten zen kalera ortuko barazkiak saltzera. Otzaretan eramaten zituzten eta oso erosoa zela zuten gogoan auzotarrek. Trena itxi ostean, autobusa hasi ziren erabiltzen, baina ez zen hain erosoa. Bestalde, merkea zela ere gogoan zuten Zubillagako auzotarrek; hasieran, erreala balio zuen, eta, gero, igotzen joan ziren poliki-poliki.

a zazpi kilometroko –6.723 metro– ibilbidean lau geltoki zituen Oñatiko trenak: Elorregin, Zubillagan, San Pedron eta Oñatin bertan, gaur egun postetxea den eraikinean. Espainiako erregina Victoria Eugenia ere egon zen zati haren inaugurazio ekitaldian. "Hor argi ikusten da Espainiarendako ere garrantzitsua zela tren hura. Ikatzarekin zebilen hasieran eta elektrifikatu egin zuten gero. Hori egin zutenean, baina, Espainiako gerra heldu zen eta horrek mugak jarri zizkion berez izango zukeen garapen naturalari". Zubillagarrek, esaterako, gogoan zuten lehenengo tren-makina poliki ibiltzen zela, makinistak bidean pasatzen zirenekin berbetan jarduten zuela. Baita elektrikoa jarri zutenean tunelak jaso behar izan zituztela, eta lan haiek egitera jende asko etorri zela kanpotik; galiziarrak, tartean. Auzoko etxeetan egon ziren hainbat, apopilo.

Orduko egoera geopolitikoa

Trenak, baina, 1967ra arte iraun zuen martxan. "Egia da ez zela errentagarria, baina itxiera bera ulertzeko orduko egoera geopolitikoari begiratu beharra dago. 1959an, Espainiari bizkarra emateari utzi zion nazioarteko komunitateak, AEB buru. Gainera, jesuitak sartu ziren Gobernuan eta horrek beste bira ekonomiko, sozial eta politiko bat eman zion gizarteari. Horren ondorio zuzena ibilgailuak izan ziren, dirudunentzat aisialdirako eskainiz. Horrela, autogintza indartu egin zen".

Azkenean, Vasco-Navarro trena bera itxi zuten egun berean egin zuen azken bidaia Oñatiko trenak ere, 1967ko abenduaren 31n. "Trenbide osoa egiteko 40 urte behar izan zituzten, eta hemengo zatiak 44 baino ez zuen iraun martxan. Horregatik diot amaitu gabeko historia dela Oñatiko trenarena".

Urteurrena

1923ko irailaren 30ean, duela 100 urte, jarri zuten martxan Oñatiko trena, eta urteurren horri lotuta dago Jabi Bujandaren lana. Hilaren hasieran erakusketa bat jarri zuten Turismo Bulegoan hark jasotako informazioarekin osatuta, eta Jabi Erostarbe ilustratzaileak egindako seilua eta postala atera zituzten. Baita Juanjo Olaizola gonbidatu ere, trenari buruz berba egitera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak