Urtero legez, Gabonetako Hator Hator 2023 kontzertua egingo dute domekan, zubikoa kiroldegiko pilotalekuan, 12:30etatik aurrera. Iaz estreinakoz egin zuten emanaldia zubikoan, eta arrakasta ikusita, aurten ere errepikatzea erabaki dute. Kasu honetarako pilotalekua txukun atonduko da harmaila, argiteria eta soinu ekipamenduarekin. Ganbara Abesbatzak, Hots Abesbatzak, Oñati Abesbatzak, eta Oñatiko Musika Bandak eta Banda gazteak parte hartuko dute emanaldian. Lehenik, talde bakoitzak tarte propioa izango du, taula gainera bi pieza ekarriz. Guztiek batera abestuko duten tutti-rako, berriz, African Harmoy, Afrikako bost herri abestitan oinarritutako suite berezi bat aukeratu dute. Sansa Kroma, Thula Thu Baba, Khuluma, Ilanga libuya, ilanga liyaphuma eta Tshotsholoza izan dira aukeratutako piezak. Gainera, ohitura den bezala, amaieran Gabonetako kanta ezagunak entzun ahalko dira, Adeste Fideles eta Hator Hator.
Kontzertua doan izango da, baina emanaldira gerturatu nahi duenak, gonbidapenak hartu beharko ditu txokolateixan. Kontzertua behar den orduan hasteko asmotan, jendeari kiroldegira denboraz agertzeko oharra ere eman dute.
Kontzertu solidarioa
Iaz gertatu bezala, aurten ere kontzertua solidarioa izango da, eta pilotalekuak dituen bi sarreretan Oñatiko Misio Taldeko boluntarioak egongo dira jendeak egin nahi dituen ekarpenak jasotzen. Batutako diru guztiak Oñatiko Misio Taldeari emango zaio, duela bost urtetatik, Ginea-Kronakryko, Dhagguel herrixkan egiten ari diren hezkuntza proiektuekin jarraitzeko. "Aurten ere aukera izango da, Gabonak kontsumismoan ez erortzeko eta gehien behar dutenekin gogorarazteko. Aurten ere Afrikara begira jarriko gara, kontzertuko programa ere bertakoa aukeratu delako eta dirua er bertara bideratuko delako" adierazi du Manu Egaña Oñatiko Misio Taldeko kideak.
Urte hauetan gazteentzako Oñati eskola martxan jarri dute. Oraingoan, eraikitzen ari diren emakumeentzako eskolaren hirugarren fasera bideratuko da dirua. Eraikina eginda dago baina barrualdea osatzea falta da. Helburua, emakumeen eskola era autonomo batean martxan jartzea da. "Itxaropen argi bat piztu zen duela urte batzuk Dhagguel herrian Oñati eskolari esker. Orai, emakumeen eskola errealitate bihurtzea nahi dugu. Neskak ofizio bat ikasi, independentzia ekonomikoa izan eta ahalduntzeko aukera izateko toki bat izatea nahi dugu" dio Egañak.