Udazken loreak izan dira protagonista asteburuan Arantzazuko X. Mikopoteoan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko aza. 8a, 09:45

X. Mikopoteoa ospatu zuten zapatuan Arantzazun, Arantzazuko Adiskiskideak Elkarteak, ArantzazuLabek eta Gipuzkoako Parketxeak antolatuta. Arratsaldetik hasi eta gauera bitarterako egitaraua osatu zuten Raul Fraile mikologian adituak eskaini zuen hitzaldia lehendabizi, eta, ondoren, Arantzazu Santutegia Hotelean, Goiko Bentan, Sindikan eta Zelai Zabalen perretxiko eta onddoekin eginiko pintxoak jan ahal izan zituzten bertaratu zirenek.

2019an egin zuten azkenengoz Mikopoteoa Arantzazun, eta zapatuan ospatu zuten X. edizioa. Lehendabizi Raul Fraile mikologian adituak hitzaldia eman zuen guztiz bete zen Gandiaga aretoan, eta ondoren, Arantzazuko lau jatetxeek –Arantzazu Santutegia Hotela, Goiko Benta, Sindika eta Zelai Zabal– perretxiko eta onddoak oinarri zituzten pintxo bana prestatu zituzten. Hitzaldia jendez bete bai, baina ondoren, tabernetan ere nabaritu zen giroa. Debagoiendarrak nahiz beste herrietako bizilagunak ibili ziren Mikopoteoan; batzuk, zapatu ilunkerako poteoa Arantzazura lekualdatu zuten, eta beste zenbaitentzat, aspaldian ikusi gabeko lagunekin elkartzeko aukera izan zen.

Balorazio positiboa

Aitana Gereta Arantzazuko Parketxeko langileak adierazi du azken edizio honek erantzun ona izan duela: "Ikusi besterik ez dago erantzun ona izan duela; aretoa bete da. Kontuan izan behar da zapatua izanik, Euskal Herrian hitzordu ezberdinak zeudela eta erantzuna positiboa da. Gustura gaude". Helburua badute Arantzazun lan egiten duten talde ezberdinen artean egitarau bateratu bat egitea, eta, bestalde, "natur-ingurune honetan egonda Aizkorri-Aratz parke naturalaren bihotz-bihotzean egonda ba naturari erreferentzia egitea".

Ekimena hasi zenetik azken ediziora arteko perretxiko zaletasunaren bilakaeraz galdetuta, Geretak irizten du zaletasun hori mantendu egin dela eta oraindik ikusten dela, udazken garaian, jende asko ibiltzen dela Arantzazu inguruan perretxiko bila.

Egitarauarekin hasteko, hitzaldia

Raul Fraile mikologian adituaren hitzaldia izan da azken urteetan akatsik egin ez duena. Aurtengoan Perretxiko jangarriak, antzekoak diren toxikoak eta ez bereiztearen ondorioak azaldu zituen Gandiaga aretora hurbildu zirenen aurrean. Euskal Herriko basoetan aurki daitezkeen perretxikoak izan zituen mintzagai: "200 perretxiko jangarritik gora aurki daitezke Euskal Herrian. Esan daiteke, 15 mota jasotzen direla gehien bat perretxiko bila joatean eta 180 mota geratzen direla jaso barik. Oso eskualde aberatsa da".

Perretxiko jangarri eta bere antzeko toxikoa bereizteko, bien ezberdintasunak zeintzuk diren jakitea dela dio. Dena den, intoxikazio baten aurrean "azkar batean" ospitalera joan behar dela nabarmendu du: "Txanpinoi toxiko batek eragindako gastroentiritisa izan, eta haurra edo pertsona heldua bazara, zure sistema ahulagoa da. Azkar ospitalera joanez gero, sendatzeko aukera handiagoa da, baita perretxikorik toxikoena janda ere.  24 ordu baino lehen ospitalera joaten bazara, hiltzeko aukerak baxuagoak dira. Badaude engainatzen duten perretxikoak. Toxikoenekin botaka egiten duzu eta uste duzu pasa zaizula. Baina 48 ordura min hepatikoak sortzen dira eta ez dago atzera bueltarik".

Mikopoteoko pintxoak

Jende andana ibili zen Arantzazuko lau tabernetan perretxiko pintxoa dastatu eta tragoa hartzeko. Batzuentzat lehen aldiz, besteentzat ez, baina denak aho zapore goxoarekin geratu ziren. Geretak adierazi du jatetxeek urtero berrizten dituztela pintxoak. Aurten, esaterako, Sindikan, kroketa pintxoa egin zuten; Goiko Bentan, perretxiko moussa; Arantzazu Santutegia Hotelean, perretxiko hostorea, eta Zelai Zabalen "lingote moduko" bat perretxikoz beteta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak