Kale Zaharrean jaio zen Asun Arzuaga Lasagabaster (Oñati, 1930). Sei hilabete zituela plazara lekualdatu zen familia eta harrezkero, han egin du bizimodua. Bera da plazan urte gehien bizi den oñatiarra. Gerra bizi izan zuen txikia zela, gerra ostea gero, eta aurreko mendeak eman dituen aldaketa guztien lekuko izan da. Herriaren bilakaerarena, eskolarena, komertzioarena, elizarena, bizitza sozialarena.
Artista senik ere ez zaio falta. Abesbatzan ibilitakoa da urte luzez eta duela ia 20 urte Ikusi Makusi antzerki taldea sortu zenetik, gidoilari, zuzendari eta aktore lanetan dabil bertan.
Gerra ostea, okerragoa
Sei urte zituen gerra piztu zenean baina ordukoaz ondo oroitzen dela adierazi du oñatiarrak Goiena Telebistaren Kontu Kontari saioan. "Guretako nobedadea zen hura. Hegazkinei begira egoten ginen, lau motorrekoak edo bikoak ote ziren pentsatzen. Garoa erakinean ospitalea jarri zuten. Zaurituak eta hildakoak eramaten zituzten hara eta plaza inguruan bizi ginen ume denak hara joaten ginen zaurituak eta odola ikustera. Gurasoendako ez zen sasoi ona izan, baina guk ez genuen horrela ikusten orduan".
"GERRA NOBEDADEA
IZAN ZEN GURETAKO;
HEGAZKINEI ETA
ZAURITUEI BEGIRA
EGOTEN GINEN"
Gerra ostea izan zen, Arzuagarendako, okerragoa: "Ogia erostera ere kartila eskuetan genuela joaten ginen okindegira. Amantala egiteko oihala Santosenean erosten genuen, baina ez guk gura genuena eta guk gura genuen beste metro. Erosketak Arrillaganean egiten genituen guk. Txokolate fabrika zuten eta dendako mostradore gainean, paper bariko gozokiak izaten zituzten kristalezko pote batean. Enkarguak egiteko deseatzen egoten ginen hango gozoki bat jateko".
Eskolako piper egunak
Gaztelekuaren gainean, egun Txantxiku ikastola dagoen tokian, zegoen orduan plazako eskola. Arzuagaren atari berdinean bizi ziren hango maistrak, eta eskolara eramaten zuten eurekin. Neskak ziren gelako ikasle denak. "Uda aurretik azterketa egitera etortzen ziren herriko hainbat pertsona inportante: alkatea, parrokoa, aguazila, guardia zibila, botikaria... Eta alaitzera aukeratzen zituzten neskei egiten zizkieten galderak. Egun horretarako amantal zuriarekin eta aurpegia eta eskuak garbi genituela joan behar ginen es- kolara". Handik Benediktinarren eskolara joan zen eta hango "matrakakeriekin" ere gogoratzen da Arzuaga. "Orduan ikasturtea pasatzea zen helburua, ez titulua lortzea, eta normala zen piper egitea. Gu, adibidez, harrobira joaten ginen sarritan hango langile baten kamioian. Eskola ordua zaintzen genuen etxera heltzeko, baina harez zikinduta eramaten genituen arropak etxera, eta berehala jakiten zuten ez ginela eskolan egon".
Banatzaile eta irakasle
Hamasei bat urtera arte joan zen eskolara eta Telefonicako banatzaile moduan ibili zen gero lanean. Orduan enpresa gutxi batzuetan, medikuaren etxean, udaletxean, Egaña okindegian, Arrazola zurrategian... oso leku gutxitan zuten telefonoa. Nik lokutorioan konferentziak egiteko jakinarazpenak banatzen nituen gehienbat. Horietako batzuk nobioen arteko telefono deiak izaten ziren eta uneko arduraduna zein zen, entzun egiten nituen. Liluratu egiten nintzen maiteminduen arteko elkarrizketa haiekin". Gero irakasle moduan jardun zuen Santa Lutzian: "ikasleen gurasoek emandako dirua zen nire orduko soldata".
"MAITEMINDUEN
ARTEKO
ELKARRIZKETAK
ENTZUTEAN LILURATU
EGITEN NINTZEN"
Elizan ordu asko pasatakoa ere bada Arzuaga. "Don Migel apaizak infernua gogorra zela esaten zuen. Sua besterik ez zegoela, sua goian eta behean, baina ez zuela erretzen. Konparaziorako, Labegaraietako ontzi batera erortzea hotzak dar-dar egitea zela bakarrik. Eta hori imajinatzen, irudikatzen, pasatzen genituen gero meza osteko orduak".
'Aita Guria'-ren estreinaldia
Ezkondu eta familia etorritakoan "lotuagoa" egon arren, ez zituen bere bi zaletasunak alde batera utzi Arzuagak: abesbatza eta antzerkia. 80 urterekin utzi zuen korua, "ahotsak ez zidalako laguntzen" baina antzerkiarekin jarraitzen du; eskolan deskubritu zuen antzerkia eta ordutik du gogoko. "Aratusteetan, mozorrotu ezin den sasoian, ezkontza bat antzeztu genuen behin. Poztasun edo satisfazio handia dut arlo horietan bizitakoaz. Aita Madinaren Aita Guria piezaren estreinakoan han nintzen, baita Arantzazuko poema edo Rapsodia Oñati estreinatu zirenean ere. Aita Madina entsegu askotan egon zen".
Gorputza eta burua, biak aktibo
93 urte beteta eta orduko eta oraingo bizimoduak desberdinak direla jakitun, momentuan bizitzea tokatzen dena benetan bizitzea da Arzuagaren
aholkua, "ez beldurtuta".
"Beldurtu barik
bizi behar da
unean tokatzen
den bizitza"
Horrekin batera, baita gorputza zein burua aktibo mantentzea. "Paseatu, irakurri, denbora pasak egin... Nik egunerokoa idazten dut egunero. Azken urteetakoak antzerakoak izango dira, baina ez da inporta. Puntua egitera ere joaten naiz Pake Lekura. Dozena bat emakume elkartzen gara, geure artean desberdinak, baina harreman hori oso aberatsa da".