Alzheimerra eta Estimulazio Kognitiboko Tailerra aurkeztu dute

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko ira. 21a, 15:00

Afagi elkarteak eta Oñatiko Udalak hitzartutako egitasmoaren barruan, Alzheimerra eta Estimulazio Kognitiboko Tailerra aurkeztu dute. Alzheimerra edo beste dementziaren bat hasierako fasean duten herritarrei bideratua da eta pertsona horien funtzio kognitiboak babestu, landu eta estimulatzeko helburua izango du. Tailerraz gain, bulego bat ere jarriko dute herritarrentzat Bidebarrieta kaleko Euskaldun Berria gelan.

Alzheimerraren egunaren bezperan, eguaztenean, aurkeztu zituzten Afagi elkarteak eta Oñatiko Udalak datozen hiru urteetarako sinatu duten hitzarmenean jasotakoaren xehetasunak, udaletxeko osoko bilkuren aretoa herritarrez bete zen ekitaldian. Urrian hasi eta ekaina bitartean saioak eskainiko dituzte eta gaixotasun horri buruzko informazioa emango duten bulegoa ere egongo da, urritik, zabalik herritarrendako.

Bulegoa, Bidebarrietan

Gipuzkoako senitartekoen, lagunen eta Alhzeimerra edo beste dementziaren bat duten pertsonen elkarteak eta Udalaren arteko lankidetza egitasmo honekin, estimulazio kognitiboko tailerra eskainiko zaie alzheimer gaixotasunaren hastapenak pairatzen dituzten herritarrei. 80 saio izango dira, urritik ekainera bitartean. "Dementzia arina duten pertsonengan gaixotasunaren garapena ahalik eta gehien moteltzea da tailer hauekin lortu nahi dena. Ariketak egiten ditugu horretarako eta ariketak maila ezberdinetan daude sailkatuta, saioak eskainiko dituenak berak egokitzeko ariketa bakoitza gaixotasuna duen pertsonari, bere mailara egokituta. Kurtso bakoitzaren amaieran parte-hartzaile bakoitzaren balorazioa egingo da", azaldu du tailerraren koordinatzailea den Irati Sagarzazuk.

Tailer horiek Bidebarrieta kaleko Euskaldun Berria gelan egingo dituzte, hantxe egongo baita bulegoa; urriaren 3tik, 10:30etik 12:00etara. Saioetan parte hartzeko, medikuak gaixoari emandako diagnostikoa eraman beharko dute senideek bulegora, egoera zein den ikusteko. Bulego horretan, behar duten bestelako informazioa ere emango diete senideei.

Hiru urterako elkarlana

Eguaztenean azaldu zuten zerbitzuaren eskaintza eta jende askok erakutsi zuen interesa. Izaro Elorza alkateak aurkezpenean adierazi zuen "herritarren osasuna, eta kasu honetan adinekoena erdigunean jarrita, Udalak izan ditzakeen hutsuneak betetzeko modua" dela Afagirekin itzartutako egitasmoa: "Herritar askok jotzen zuen aurretik elkarte honetara, eta ikusten genuen Udalak laguntzeko modua izan zezakeela bulegoa Oñatin zabalduta". Afagi elkarteko kideek ere positiboki baloratu dute zerbitzu hau Oñatira ekartzea, elkarteko presidente Iñaki Olalde oñatiarrak adierazi zuenez: "Gipuzkoako beste hainbat eskualdetan dituzten zerbitzu puntuei batuko zaie Oñati".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak