Ganbara Kantu Eskolaz eta Ganbara Abesbatzaz gain, Hots Abesbatzak eta Aequus Ensamble orkestrak osatzen dute Ganbara Faktoria eta batzuetan elkarrekin eta gehienetan bakarka, asko dira ikasturtean zehar garatuko dituzten ekintzak.
Ganbara Abesbatzak, esaterako, Euskadiko Orkestrarekin batera, Zinemaldiko musika zikloan kontzertua eskainiko du, hilaren 23an, Donostiako Belodromoan. Gabonetara begira, Rossiniren Petit Messe Solennelle prestatzen ere hasiak dira eta 2024an nazioarteko lehiaketa baten parte hartzeko helburua ere badute.
Hots Abesbatzak, bestalde, emakumezkoen abesbatza izanik, emakumearen lana goraipatuko du ikasturtean zehar. Abenduan, besteak beste, Gaueko Andreak produkzioa estreinatuko du. Emakumeen Hotsa errekonozimendu kontzertua ere egingo dute 2024an. Gainera, nazioarteko lehiaketa baten parte hartzeko asmoa ere badute.
Aequus Ensemble orkestrak ere erronka polita du eskuartean, izan ere, azaroan, kontzertu sinfonikoa egingo du. Horretarako, haizezko instrumentuak gehituko dituzte taldera. Beethovenen lehenengo sinfonia eta Schuberten zazpigarrena aurkeztuko dituzte.
Betiko hitzorduekin leial
Urterokoak diren ekintzek ere ez dute hutsik egingo, hala nola, bazkide kontzertuak, Gabonetako kontzertuak edota Udako Gauak deritzonak. Azken horretara begira, Oñatiko Txakolinari omenaldia prestatzen ari dira Ganbara Faktoriako kideak, Txakolinaren Prestakuntza izena izango duen kontzertuan, Txakolina egiteko prozesua irudikatuko baitute.
Etxeko Abesbatza, urritik aurrera
Bestalde, azpimarratzekoa baita ere, dagoeneko martxan dagoen Faktoria Soziala proiektua ere. Ekimen horren baitan bat nabarmendu gura izan du Biainek. Izan ere, urrian sortuko da Etxeko Abesbatza eta San Martin Egoitzako egoiliarrek astean ordu betez, abesbatzan parte hartzeko aukera izango dute.
Kantu Eskolak 20 urte
Hasieran aipatu moduan, Ganbara Kantu Eskolak 20. urteurrena egingo du herrian formazioa eskaintzen eta, beraz, urte berezia izango da oraingoa. Antolatu dituztenen artean, II. Debagoiena Kantari eskualdeko gaztetxoen abesbatza topaketa, Leonera bidaia, edo hainbat euskal konposatzailek sortutako ipuin musikatuak grabatu eta audio eta liburu formatuetan argitaratzea. Hala, Makila Kixki, Tartalo eta Mari Errauskin ipuinetatik abiatuta sortutako musikalak grabatu eta argitaratuko dituzte eta 2024ko abendurako, musikal berri baten estreinaldia prestatzen ere hasiak dira.