Aiert: "Nire ibilbide artistikoa markatuko du kantuak"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko uzt. 23a, 09:08

Urtarrilean Danbaka Musika Lehiaketako Publikoaren Saria irabazita, Omen ala behar kantua eta bideoklipa estreinatuko ditu oñatiko musikariak uztailaren 27an.

Abao Komunikazio Agentziaren eskutik grabatu du orain arteko abestiak baino "elektronikoagoa" den kantuaren bideoklipa.

Zure lehen bideoklip profesionala estreinatzeko atarian, ze sentsazio dituzu?

Urduritasun puntu bat dut, baina oso pozik nago emaitzarekin, sentsazio oso gozoak ditut.

Omen ala behar da bideokliperako aukeratu duzuna. Zeri buruzkoa?

Oinarrian barne gatazkak eta, orokorrean, gizartean ikusten ditudan bestelako gai orokorragoak dira nire kantuen oinarriak. Omen ala behar kantuan, bereziki, egiten ditugun gauzak guk nahi edo guk erabakita ala gizarteak edo daroagun bizimoduak inposatuta egiten ditugun kontatzen eta kantatzen dut.

Kantuan %100ean zeure burua aurkitu duzula diozu.

Nahiko autobiografikoa da, bai, hitzei dagokienez, eta musikalki ere identifikatuta sentitu naizen abestia da.

Formatu akustikoan ezagutu zintugun, baina elektronikora egin duzu salto orain.

Kantu honekin beste forma bat hartu du, baina, esentzian, nire-nirea da; hala ere, aurrerantzean nire ibilbide artistikoa markatuko duela esango nuke. Arrasateko Shot! estudioan grabatu nuen, martxoan, Iñaki Bengoarekin, eta hark nahastu du gero. Era berean, Zigor DZ izan da ekoizlea, hark sortu ditu oinarri elektronikoak.

Irudiei helduta, Elgetan eta Trebiñu inguruan grabatu dituzue. Zelako esperientzia izan da?

Ikaragarria! Ondo zainduta eta eroso sentitu naiz. Barruko planoak Elgetako Espaloian grabatu genituen, ekainean; kolore gorria da nabarmen protagonista. Paisaia lehorrera eramaten ninduen kantuak, eta Trebiñu inguruan dagoen meategi batzuetan grabatu genituen, orain dela aste batzuk, kanpoko planoak. Horietan kolore urdina edo hotzagoak dira nagusi.

Mimoz landu duzue, detaile txikienak ere aintzat hartuta.

Proiektu oso bat moduan ulertzen dut nik Aiert; musika estiloaz gainera, kontzeptu estetikoagoa edo zabalagoa, artistikoagoa, horrela ulertzen dut nik artea, eta hala egiten saiatu gara. Asko zaindu dut nire iruditegia; hau da, jantziak eta makillajea, kalean dudan baino artistikoagoa, akaso, baina identifikatzen eta eroso sentitzen naizena.

Musikari gaztea zara, baina diozu babestuta sentitu zarela.

Bai, duda barik, oso eskertuta nago ni moduko musikari hasi-berri baten sinistuta jaso dudan laguntza handiagatik. Izen asko aipa nitzake; horien artean, Abaoko langileak, Shot! estudioa, La Furia musikaria, bideokliparen azala egin duen Itzal Zubillaga nire lehengusina...

Oso eskertuta nago jasotako laguntzarekin, musikari hasiberria izanda

Datorren egueneko gauerdian hasita sare sozialetan izango da ikusgai. Non aurkituko zaitugu?

Aiert izen artistikoarekin askotariko sare sozialetan izango duzue ikusgai; esaterako, Youtuben, Instagramen, Spotifyn, Apple Musicen eta Tiktoken. Horrez gainera, Goiena.eus atarian ere bai.

Bideoklipa egiteko aukeraz gainera, zer gehiago eman dizu Danbaka Musika Lehiaketak?

Zentzu askotan igarri dut Danbakaren eragina. Jende gehiagorengana heltzeko aukera eman dit, eta Aiert proiektuarekiko interesa duela erakutsi didate askok. Kontzertuak eskaintzeko aukerari dagokionez ere eragin duela esango nuke; besteak beste, Otxandioko gaztetxera, Gasteizera eta beste areto batzuetara joateko aukera izan dut urtarriletik hona.

Datozen asteei begira, baduzu emanaldiren bat lotuta?

Ari naiz, bai, emanaldi batzuk lotzen; esaterako, uztailaren 27an Elorrion izango naiz, pintxo-pote ekimenera gonbidatu naute eta.

Aurrera begira, bakarlari moduan ala talde formatuan ikusten duzu Aiert proiektua?

Bada, egia esanda, ez dut oraindik oso argi. Eztabaida dut neure buruarekin; beraz, ezin dizut ezer argirik esan, oraingoz, ez daukat-eta ezer zehatzik erabakita. Musikagintzan jarraitu gura dut eta bide berriak aztertzeko eta topatzeko gogoz nago; batzuetan asmatuko dut eta beste batzuetan, akaso, ez horrenbeste, baina bide eta aukera berriak probatzen jarraitu gura dut. Izan ere, gaizki egindako gauzetatik ere asko ikasten da, eta beharrezkoa da hori artista baten ibilbidean. Aiert berri bat jaio dela sentitzen dut, ea, bada, nora naraman bide horrek.

18 urte dituzu, batxilergo ikasketak bukatu berri; zein asmo duzu datorren ikasturteari begira?

Euskal Herriko Unibertsitatera joango naiz, eta gradu bikoitza egiteko asmoa dut: Soziologia, Gestio Publiko eta Zientzia Politikoak, hain justu.

Ikasturte luzea baina emankorra izan da zuretzako, ezta?

Duda barik; bereziki, azkeneko hilabeteak, eskolako lanak eta arlo musikalekoak batuta, oso lanpetuak eta intentsuak izan dira, baina oso politak.

Eta musikari profesional izatea duzu amets?

Ikusi egin behar nora naraman. Afizio edo ofizio moduan ez dakit, baina argi dut musikagintzan aurrera egin gura dudala, eta, alde horretatik, lasai nago; beraz, etorri behar dena etorriko da. Harro eta pozik nago orain arte egindako ibilbidearekin, eta hala jarraitu nahiko nuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak