Atez atekoak hamar urte Oñatin: bilakaerarekin pozik, hobetzen jarraitu gura du Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko eka. 29a, 16:04

Azken hamarkadan sistemak izan duen bilakaera ona dela ondorioztatu du Udalak, eta bide horretan jarraituko duela aurreratu; datuak mantendu egin direla dio, herriko filosofia aldatu egin dela eta herritarrak kontzientziatuta daudela birziklapenarekin.

Duela hamar urte, 2013ko uztailaren 1ean, jarri zen martxan Oñatin hondakinak gaika biltzeko atez ateko sistema. Orain artekoaren balorazio ona egin du Izaro Elorza Arregi alkateak, eta horrela jarraitzea dela asmoa aurreratu: "Hamarkadako esperientziak berretsi du atez atekoa dela birziklapen maila handiena ahalbidetzen duen sistema. Eta badu moldagarritasuna, egokitzeko gaitasuna. Halaxe jardun dugu hamar urteotan, unean uneko beharrak eta joerak ikusita sistema eguneratzen. Eta hamar urteotako bidea egina, birziklapen maila handia mantendu da. Dena den, hobetzen jarraitu gura dugu, eta horretarako lanean gabiltza buru-belarri, orain arte bezala, atez atekoa hondakinen bilketa arrakastaz egiteko sistema izan dadin".

Organikoa, gehien biltzen dena

Egun, sistemaren kontrako iritziak baino, egon ohi diren intzidentzien ingurukoak dira Udalera heltzen diren kexa gehienak. "Askok hondakin bilketa sistema alderdien arteko eztabaidatik kanpo dute utzia dagoeneko, horren bidean urratsak egin beharra lehenetsita. Nolabait, errekonozitua izan da atez atekoak birziklapenari eta iraunkortasunari egiten dien ekarpena", gaineratu du. Datuek ere hori berresten dutela dio: "%35etik %81 jasotzera iritsi ginen urte gutxitan, eta hondakin kopurua biztanle eta urteko 400 kilo izatetik 342 kilora jaitsi zen. Eta ordutik, horri eustea da erronka. Horretarako, hainbat aldaketa egin ditugu azken hamarkadan, unean uneko beharrei eta joerei begira".

Hondakinak banaka hartuta, berriz, azken urteetan errefus kopuruak gora egin duela diote Udalak jasotako datuek. 2022an %76,2ra heldu zen kopuru osoa; gehien biltzen diren etxe hondakinak, berriz, hurrenez hurren, kilo, biztanleko eta urteko: organikoa 137, errefusa 99, papera 50, beira 44 eta ontzi arinak 34. Egurra, arropa, pila edo oliotan, bestalde, 54.

Kontzientziazioarekin jarraitu

Datuetan bakarrik geratu barik, herriko filosofia aldatu egin dela gehitu du Elorzak, herritarrak birziklapenarekin kontzientziatuta daudela dio, eta sistema horretan sartzen ditu auzoetako guneak eta kaleko zaborrontziak ere. "Guneak sarri garbitzen dira presiodun urarekin eta xaboiarekin. Ez da ezkutatu behar badela hondakinak gaizki ateratzen duenik ere, eta horri buelta emateko lanean ere bagabiltza, kontzientziazioa eginda", gaineratu du.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak